Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2006/04/20

Karrajutik karrajura: hemendik aurrera karrajua.org-en

Azkenotan ez bata ez bestea nabil. karrajua.org-ekin hasin nintzenetik denbora kendu dit hark, gehien bat kontu teknikoetan murgilduta ibili naiz eta blog honi kasu handirik ez.

Tira ba, karrajua.org martxan dabil eta duplikazioa ebitatzearren bateko eta plataforma berriak eskaintzen dituen aukerak hobeto erabiltzearren blog hau haren partea izango da hemendik aurrera. Beraz, blog honetako nanoaudientzakide guztiok hemen daukazu helbide berria: http://karrajua.org/blog.

Blogger-eko hau artxibo modura utziko dut hemen. Dena dela badaezpadanposiakaso kopia egin dut wordpress-ekin beste helbide honetan : http://blogak.karrajua.org/wp.

Eskerrik asko blogger zerbitzuari, eta besteoi eskerrak barik kantuak esaten duen modura: "Eskribitu gura badaustazu badakizu nun nagoan,..".

Laster baten dena dela beste abentura blogistiko baten sartuko naiz. Edukiko duzue horren berri.

Entzuten: Asier Serrano, "Ardo eta (l)arrosa egunak"

2006/03/21

Teknoenredatzen: Elgg


E-learning eta sarean ikasteko baliabideen inguruan nabilela Elgg software-aren berri jaso dut. Albistea drupaled -en izan dut. Berton e-learning ingurunen baten egitura gomendatzen duen artikulu honetan Drupal, Moodle eta Elgg-ek osatutako sistema azaltzen da. Lehenengo biak ezagunak ditut dagoeneko, eta erabilita ere bai, elgg-en berri orain arte gutxi, Moodle-en foroetan aipuren bat edo gainetik irakurri besterik ez (Moodle-ekiko integrazioa serio lantzen dabiltzala dirudi).
Jakinminaren jakinminaz saltseatzen hasi naiz. Elgg hau web 2.0 eta agertu den kontzeptu berri baten adierazpidea omen da, e-learning 2.0. Tira ba! Ikusi egin behark da. Erabiltzeko aukera bi daude, kodea jaitsi eta zeure zerbitzarian instalatu (lokalean eta karrajuaren hosting-ean probatu dut eta ez dut ganorazko instalaziorik lortu, baina ahaleginean jarraituko du alajaina!), edo sortu duten komunitate birtualean izena eman eta probatu. Bigarren aukera hau ere probatu dut, eta egia esanda funtzionalitate gehienak han dauzkagu. Zeintzuk dira funtzionalitateok?
  • Blog pertsonala
  • Baliabideentzako karpetak
  • RSS irakurle moduko zerbait.
  • Inportateena nire ustez: interesen inguruan komunitateak eta taldeak osatzeko aukera. Norbera batu daiteke komunitatetara edo sortu. Komunitate hauek ere balibide batzuk dituzte: blog kolektiboak, fitxategiak,...
  • Etiketa sistema (freetagging edo)
  • Bestelako baliabideekin integrazioa: wikiak, ..
Kontzeptuetan gehien gustatu zaidana komunitateak eta taldeak osatzeko aukera da. Beharbada hori izan daiteke une honetan erakargarriena. Hainbat gauzatarako baliagarria izan daitekeen kontzeptua, sare sozialarena. Boteprontoan hizkuntzaren erabileraren inguruan aipatzen den kontzeptua dela uste dut, harreman-sarea, sare soziala,..
Inglelesez erreferentzia asko daude, ez ditut hemen denak jarriko, Google edo technorati n elgg ipini eta hainbat gauza topatuko dituzue. Bestela Elgg-en webgunean ere wiki bat daukazue.
Bitartean, Kataluniako gune honi kukutxu bat egitetik hasi daiteke. Edo elgg komunitatean kontua zabaldu, hemen dago nire bloga adibidez.
Web 2.0 honek ematen duen beste aukera bat, eta ikuspegi berria ere bai, seguruenik.

2006/03/17

Sareko berriak



Sarean gora eta sarean behera hiru gauzatxu topatu ditut aitatzeko modukoak:
  • Txelis Leioako Mastitxu Udal euskaltegiko irakasleak bloga zabaldu du, Zertzeladak. Atalen banaketa interesgarria egin du, irakasleentzako kontuak, ikasleentzak, informatika, idazleak. Esparru zabala. Poztu egin naiz ikusita. Hemen ere ezagutu dugu Txelis eta zer esan? Aurrera eta animo. Gero eta gehiago gara eta.
  • Argia aldizkariak hemendik aurrera elkarrizketako zati batzuk audio formatoan ere sareratuko ditu. Sustatun irakurri dut albistea, eta halaxe da, hemen daukazue lehenengo lagina. Entzungaiak topatzea errazago jarri digute, eta euskara ikasten dabiltzanentzat ere laguntza ikaragarria da nire ustez irakurtzen dutena entzutea. Euskaraz irakurtzen trebatzeko ahozko euskarriekin lan egitea idatzizko testuaren egitura morfosintaktikoa antzemateko eta testuari interpretazioa emateko prozesuak lantzeko bide eragingarria da. Saiatuko naiz karrajua.org-en zeozer garatzen.
  • Irakasbil . Gaur konturatu naiz www.ikasbil.net-ekin batera www.irakasbil.net helbidea ere badagoela. Batetik nahiz bestetik sartuta leku berera goaz. Dena dela zergatik domeinu biak? HABE irakasleontzako beste baliabide bat atontzen ote dabil? Ez dut horren gaineko informaziorik topatu. Baten batek zerbait badaki horretaz? HABEtik inork irakurtzen du blog hau eta eman ahal dizkigu pista gehiago?

2006/03/07

Free


Karrajua.org atontzen nabilela pentsatu dut irakasleentzako baliabideak eskaintzen dituzten webguneen esteka-zerrenda osatzea. Hemen dago. Diseinuan hobeto findu behar dut kontua eta esteka gehiago bilatu, baina abian da kontua.


Egundo ez naiz izan gauzak topatzen abila, baina handik eta hemendik begituta gauzatxo batzuk aurkitu ditut eta sartzea erabaki dut. Gainea karrajua.org webgune irekia egiteko asmoa daukadanez, gutxieneko azpiegitura behintzat montatu dut, gerora norbaitek gauzak sartzen lagungu nahi badu-edo.

Dena dela, berriro esango dut, ez naiz batere abila gauzak bilatzen eta letra-zopak egiten -zerrenda hau egiten asko lagundu didate IKTeroen eta Barakaldoko Zibergelakoen esteka-zerrendek gainera, eskerrik asko- baina helduen euskalduntze-alfabetatzean gabiltzenok ez dugu sarean gauza asko konpartitzen. HABEren teknikariek Ikasbil edo HABEren webgunearen beraren bidez gauza asko zabaltzen dituzte, baina lanean dabiltzan 2.000 irakasletik gorako horiek ez ote daukate ezer zabaltzeko? Salbuepenen bat dago, baina orohar gutxi. Eskola munduak gehiago zabaltzen ditu gauzak guk baino. Nik lan egiten dudan erakundeak ere ezer gutxi zabaltzen du bere intraneteko mugetatik hara.

Top-manta eta software librearen sasoian zer pentsatua ematen dit honek guztiak. Gurean pentsatzen jarraitzen ote dugu norberaren ideiak-materialak-esperientziak norberaren ondarea direla eta norberak baino ezin dituela manejatu? Gure materialak, ideiak, esperientziak,... egun baten liburu baten batu, argitaratu eta haren salmentarekin aberastu edo sikieran gure euskaltegien zenbakiak berdinduko ditugula uste dugu? Aditu batzuek baino ezin dute zabaldu euskara ikasteko teknikak, materialak eta ideien bilduma? Guk ez daukagu elkarri ezer aportatzeko? Hain gutxik daukate besteekin konpartitzeko gogorik? Inork berak eginekoa besteekin hobetzeko grinarik? Gure euskaltegien eta sareen korporatibismoa hainbesteraino heldu ote da? Espioitza industrialaren beldur ote?

Euskal Herriko biztanleria euskaraz eroso, erraz eta ondo egiteko trebatzea dugu helburu denok. Ez dut uste askok honekin aberasteko asmorik daukatenik, eta egunero eskola-ordu pila bat eginda esperientzia eta ezagutza metatu beharko genuke ezinbestean, eta hori guztia konpartitzeko bideak aurkitu eta erabiltzen baditugu helburu hori (inoiz erdietsiko dugula sinesten badugu) hurreago edukiko genuke. Ezpabere milaka gerrilari isolatu gara, armada indartsua barik.

Adibide bat emango dut. Karrajua.org Drupal software-arekin nabil atontzen. Ez naiz informatikaria edo programatzailea. Drupal hori gainera ez ei da software erraza manejatzen, baina drupaleroen komuninateak ohitura ona dauka (software librearen munduan dabiltzan horrelako komunitate guztien antzera), norberak egiten duena norberarentzat gorde barik, zabaldu egiten du eta denon eskura ipintzen du (moduluak, arazoen konponketa, kode-zatiak,..) eta nire moduko hasiberriok dauzkagun arazoen aurrean gure aurretik ibili direnek kontatzen dutena baino ez dugu egin behar sarritan, beste batzuetan, berriz, haiek emandako pistei jarraitu, eta gutxitan aurrekoek egindakoaren gainean burua kantsatu eta konponbidea aurkitu. Mundu horretan jan-txakurrak ere egongo dira duda barik, baina nik neuk une honetan haiei zerbait aportatu ezinaren pena daukat batez ere, eta haien kemena norberak ere hartzen du.

Ez dakit ba, informatikaren mundua pistak ematen dabilzkigulakoan nago. Free software edo txiringitoa guztion artean eraiki.

2006/03/03

Barnetegi urbanoa

Berbalagunarekin nator atzera. Aspaldi aitatu barik ba! Atzo berbalagun berriak etorri zitzaizkigun, neska bi, eta aurkezpenak eginda barnetegien kontua agertu zen (euskara ikasleen artean logikoa, ezta?), Berbalagun gehienok (ikasle nahiz irakasle) barnetegian ibilitakoak gara. Badakizue, barnetegiko batallitak, parrandak, ligeak,... Irribarrez kontatu ziren gauza gehienak, oroitzapen gozoa nonbait. Bistan da barnetegiak eragin ona izan duela ikasle hauen euskararekiko pertzepzioan eta jarreran,... Berbalagunan apuntatzearen kulpa apur bat ere izan du seguruenik.Nik azkenengo barnetegia duela 10 urte egin nuen. Barnetegian irakasle ibiltzea gogorra da, hori geratu zait gogoan duda barik, fisikoki gogorra eta burua ere nekatuta. Hala ere, neuri ere akorduarekin irriparrea loratzen zait, ez daukat barnetegiekin oroitzapen txarrik batere, ez ba!Kontua da atzoko parrapladen ostean, etxerantz, barnetegian ibiltzearen antzeko sentsazioa igarri nuela. Ez lekuagatik noski (Santutxu erdiko taberna inguruek ez daukate Barnetegi-herrien halako xarma bukolikorik, ez) Baina berbalagunen solasaldiak eta jarrerek barnetegiko ikasle-irakasle koadrilen giroa ekarri zidaten gogora une baten. Eta azken baten barnetegian ikasleak apreziatzen duen hori guztia gertatzen ari zen han ere: solasaldi informala, lagun arteko giroa, konfidantza eta ikasleen arteko konplizitatea (Kuriosoa da, baina barnetegiko batalliten artean inork ez zuen klase orduetan geratutako ezer kontatu). Barnetegien birtuteei buruz asko esan da:euskara ikasteko prozesuan sakada handia izaten dela, motibazio-iturria, ikasteko denboraren trinkotasuna,.. Egia izango da hori guztia. Argi dago euskara ikasle askok praktika horretan mintza-jarioa ez ezik, beste zerbait ere nahi dutela. Barnetegiak ematen diena, eta, atzo barruntatu nuenagatik, Berbalagunak ere eman diezaiekena. Barnetegiak akatsik balekuka, denboaren trinikotasuna izan liteke, hamabost eguneko epea, intentsoa baina laburra, eta hizkuntza erabiltzen trebatzeak lan jarraiagoa eta sarriagokoa eskatzen du, trinkotasunaren kaltean bada ere.Nire berbalagun guztiak euskaltegian dabiltza ikasten, Berbalaguna haientzat barnetegiko klasetik kanpoko jardueren antzeko zerbait izan daitekeela uste dut. Klasea+mintzapraktika. Hau ez da halako barnetegi urbanoa?

2006/03/01

Karrajua.org martxan



Oraindinokarren ez dago biribilduta inondik ere, baina gunea zabaltzea erabaki dut. Gauza asko findu behar dira, hala ere, nahiago dut eraikitze prozesua konpartitzea. Webgunean bertan bloga atondu dut martxaren berri emateko.
Kontu esperimentala da aurrekoan esan nuen legez. Hemendik hasi naiz:
  • Webgunea atontzearen prozesua kontatzen duen bloga.
  • Foro batzuk prestatu ditut. Euskalduntzearen inguruko hiru gai: didaktika, euskaltegien mundua eta klaseko kontuak. Foro hauetan parte hartzea irekita utzi dut. Spammer-ak eta trollak enteratzen badira adios. Baina ez diezue esango ezta?
  • Klaserako ideiak atal bat zabaldu dut, berton del.icio.us-etik ateratzen ditudan esteken gainean zein beste psikolasto batzuen inguruan irakasleentzako ideiak lantzea da kontua. Dokumentu kolaboratiboak sortzea eta osatzea nahi nuke eta honi eman nahi diot arreta handiena.
  • Jario batzuen jarraipena egiteko aukera. Blog hau edo del.icio.us klaserako.
Gunean aukera dago erabiltzaile erregistratu modura sartzeko. Erabiltzaile erregistratuek aukera edukiko lukete euren bloga egiteko adibidez, edo klaserako ideiak sortu eta editatzeko. Hain zuzen ere orain interesatuko litzaidakeen beste kontu bat euskaltegien munduko blog kolektibo bat egitea izan daiteke.
Bestalde, zer esanik ez dago, norbaitek esperimentu honetan lagundu nahi badu edo ideiaren bat badauka ateak zabalik dauzkala. Nirekin harremanetan jarri nahi baduzue, oraingoz e-postaz egin dezakezue (karrajua-abildua-karrajua-puntua-org, oraindik ez dut instalatu harremanetarako formularioa).
Blog honekin hemen jarraituko dut momentuz, besteak denbora guztia kentzen ez badit behintzat.



2006/02/22

Domeinua erosi dut.

Horixe ba, karrajua domeinu bihurtu dut: http://karrajua.org/. Hosting txikitxu bat ere hartu dut eta hosting hori aprobetxatu nahi dut esperimentu batzuk egiteko. Ideia batzuk dauzkat daborduko, batzuk hemen plazaratu ditut (hau, edo hau) lehenagoko baten.
  • Del.icio.us klaserako esperimentua osatu. Kontua izango litzateke internet-en agertzen diren halako testuekin ikas-jarduerak antolatzeko era bat antolatzea. Pentsatzen nago bookmarklet antzeko zerbait atontzea. Link-a hartu eta haren gainean zerbait prestatzeko eta konpartitzeko gunea eskaini. Wiki antzeko zerbait. Kolaborazioan egiteko moduko zeozer. Schtuff-en egiten hasi naizenaren ildokoa.
  • Helduen euskalduntzearen inguruko foroa edo foro-sistema. Blogen asuntu hau ondo dago, baina jende guztiak ez du bloga egingo eta foroaren formatoa berreskuratu beharko litzateke nire ustez. Edonork bota eta erantzun dezan. Hau gustatu zait eta ez da zaila montatzen. Foroetako gaiak edo antolaketarako ideiarik?
  • Bloga hara mugitzeko dudan nabil (managerra ofertak estudiatzen daukat je, je, je,...). Dena dela pentsatzen nabil blog komunitate txikitxu bat osatzea interesa eduki dezakeen jendeari eskaintzeko. Euskara irakasleen blog komunitatea alegia. Boluntariorik balego ni pozik.
  • Fitxategiak eta multimedia artxiboak igotzea ere pentsatu dut, baina hosting-ak hainbesterako emango ote duen nago, 200 mb dauzkat baina hilean 2 gb-eko transferentzia tasa besterik ez. Ez dakit, gainera ez daukat gauza askorik jartzeko.
  • Ikastaro birtualen bat egin. Aztertzekoa da, baina une honetan ez daukat ezer karteran, ideiaren bat okurritzen bazait ikusiko dut
Ideiak dira, momentuz klaserako kontuekin hasiko naiz. Dena dela, baten batek ideiaren bat badauka, gustura entzungo nuke. Esperimentatzeko asmoa daukat gehien bat, beraz bota. Eta jakina, norbaitek kolaboratu nahi badu, enkataodelabida.
Gunea montatzeko drupal aukeratu dut. Aurreko baten kontatu nuen modura zerbitzari lokalean ibili naiz probak egiten CMS batzuekin eta gehien gustatu zaidana izan da. Ez dakit hala ere baliabide gehiegi behar ote duen, laguntza teknikoa ere eskertuko nuke. Zerbitzariak ez badit arazorik ematen horrekin jarraituko dut.
Momentuz instalazioa egin dut eta txantiloia atontzen nabil. Ez daukat ezer erakusteko moduan, gauzak sartu ahala hemen kontatuko dut.
Badakizue, galdera: Zer egin dezake euskaltegien munduko txalao batek Drupal instalatuta daukan zerbitzari batekin? Tira, azpidomeinu pare bat ere badauzkat, eta eposta: karrajua-abildua-karrajua-puntua-org, akordatzeko erraza e?
Hasteko hemen daukazue lehenengo lagintxu bat:

Prestatzen nabilen txantiloia (CSSarekin oraindino ez naiz abil-abila), eta hiru jario (sustatu, blog hau eta del.icio.us klaserako itemak):

2006/02/20

Ikusi eta ikasi (berbetan)

Gaur Patxitrapero aren kontua rekin konturatu naiz azkenengo post guztiak blogak, internet eta teknologiaren inguruan bota ditudala. Bide batez, iruzkinengatik badirudi euskaltegien munduko jende gehiago dabilela ziberestratosferan. Dena dela, gurera bueltatzeko kontu pare bat eduki dut gogoan eta gaur martxa hartuta aprobetxatuko dut, bestela tekonologiaz autoelikatzen gabiltzala dirudi.

Berbalagunera bueltatuko naiz hain zuzen. Lehengo egunean taldekoekin nabilela, konturatu nintzen zelako jokaera desberdinak dauzkaten elkarrizketa planteatzeko orduan. Batzuek berba egiten dute dakiten modura, zerbait esaten asmatzen ez dutenean bizpahiru buelta eman eta han botatzen dute. Beste batzuek berriz, ondo-ondo pentsatzen dute dena, astiro egiten dute berba, pentsatzeko prozesua berbalizatu ere egiten dute, buruan darabiltena esan, erdaraz lehenengo, euskaraz hasten dira apurka-apurka botatzen, eta azkenean bota egiten dute, baina sarritan niregana begira jarri eta -berbaz edo keinuaz- galdera magikoa: "Zelan esaten da.....?". Badakite irakaslea naizela, eta nik halakoen aurrean sarri (broman gero!) "Ez nabil lanean" erantzuten diet. Ez dago aparteko ezer, ikas-estiloak, ikas-estrategiez eta sano egin da berba azkenengo urteotan. Norberak bere ikasteko era ei dauka eta. Konforme.

Hala ere, norberaren ikas-estilo hori norberaren joera eta trebeziatik baino askotan eskola-euskaltegian sustatu ditugun bideetatik ez ote datorren nago. Lehengo egunean erreparatu nion kontu batetik etorri zait gogoeta hain zuzen ere.

Ez dut zehazki gogoratzen zein zen kontua eta zertaz genbiltzan berbetan. Kontua zen nik neuk zerbait bota nuela, eta berton erabili nuen halako egitura "madarikatu" bat (lehen aldiko baldintza uste dut), gogoratzen dut hala ere, ondo erremarkatu nuela esan nuena eta esateko modua (deformazio profesionala-edo), ulertzen kostatuko zitzaielakoan. Kontestu komunikatibo baten sartuta geunden, hau da, esan nuena ez zen klaseko adibide lerdoa izan, berton esan beharreko zerbait baino. Taldekideetako batek hartu zuen hurrengo berba-txanda. Eta nik esan nuenaren antzeko zerbait esaten joan zen, esaten hasi eta "Zelan esaten da....?"... Oraintxe berdin-berdina esan dut bata! (neure artean), eta ulertu egin didate. Zer pasatu da hemen ba?

Hizkuntza berriaren egitura ezagutu eta menperatzeko behaketaren garrantzia azpimarratu da azken urteotan, kontzientzia linguistikoa eta enparauak. Modernidadeak dira batzuentzat, baina momentu hartan konturatu nintzen ni neu ere ikasten nenbilela (eta gaur egun ere ikasten nabilenean, ondorio horretara heldu naiz eta, gure hizkuntza etengabe gabiltza eraldatzen), adi-adi ibiltzen nintzen "euskaldunek" zer-zelan esaten zuten, eta nire hizkuntzara ekartzen nituen halako asko, kontziente edo inkontziente.

Gaur eguneko ikasle askok ez ote daukate buruan hizkuntza norbaitek ematen dizkien arau eta elementuekin eurek bakarrik batu behar duten puzzlea dela? Berbalagunaren aukera horrela ondo aprobetxatzen dute? Berbalaguntzaileak ez gara irakasleak, praktikatu gura duenari hizkuntzaren lagina ematen dioten hiztunak baino, berak behatu eta aztertu dezan, bere hizkuntzaren corpusa eta jarioa osatzen joan dadin, eta, ikas-prozesuan zehar hartutako ohiturengatik, edo darabiltzan konbikzioengatik hizkuntz-epaile baten aurrean dagoela pentsatzen badu, aukera ona galtzen da.

Beharbada, ikasleei hizkuntzaren misterioak "erakutsi" ez ezik, hizkuntza bera ere gehiago erakutsi beharko genieke, eta eurei gehiago pentsatzen utzi. Badakit eztabaida teoriko hau ez dela atzo goizekoa, baina praktikak teoria horretatik urrun gaudela dio nire ustez.



Teknopagotxak

Patxi Trapero blogosferako figura euskaltegiekin eta euskaldun berriekin akordatu zaigu gaurkoan. Ezin aipatu gabe utzi halako aipamena. Proposamen batekin datorkigu gainera, sareko mintzalaguna.
Ez da lehenengo aldia horretaz berba egiten dena, sarea euskara praktikatzeko erabiltzea, baina egia esanda ezer gutxi egin da horretaz. Durangoko jardunaldian Santurtziko Udal Euskaltegikoek sareko esperientzia baten berri eman ziguten, ez ezer gutxi gehiago nik dakidala. Eta Patxi Traperok apuntatzen duenez, halako tresnak egon badaude, eta uste dugun baino eskuragarriago eta errazagoak dira erabiltzen.
Dena dela, hain gutxitan egin denean seguruenik teknofobiaz gain beste faktore batzuk ere egongo dira:
  • Baliabide teknikoek komunikazio erosoa permititzen dute gaurkoan? Duela urte batzuk bideokonferentziak izan behar zuen kristona. Gaur egun berriz ez du espero zen arrakastarik izan. Konexio ona eta baliabide potenteak behar dira bat-bateko ikusentzuneko elkarrizketa ganorazko kondizioetan egiteko. Jende gehienak gaur egun ere ez dauka halako baliabideak erabiltzeko modurik edo trebeziarik.
  • Euskara praktikatzeko aukera norberaren inguruan bertan topa daiteke ondo antolatuz gero, bestela herri txikia gara eta aparteko distantziarik ez da egin behar izaten. Aukeran aurrez aurrekoa nahi izaten da. Teknologiaren bidezko komunikazio era hauek guztiak ezinbesteko kasuetarako uzten dira, eta hainbesteko ezinbestekoak gutxi izaten dira. Bestela, telefonoa ere hor dugu aspaldian eta erabilera gutxi eman zaio.
Teknologia berriek aukera piloa eman ahal dizkigute, baina aplikatzea ez da ordenagailuko pantailan dirudien bezain polita eta erraza izaten.
Edonola ere, Patxiren erronka hartzeko prest. Berarekin batera bi izango gara.

2006/02/16

Ikasbil iragarri dute

Ikasbil zer den eta zertako den azaltzen duten mezuak zabaldu dituze gaur HABEtik. Nik Sustatun eta Erabili.com-en irakurri ditut.

Durangoko azokan egin ei zen aurkezpen ofiziala, zarata handi barik egin ere, askok gerotxoago eta txiripaz izan dugu honen berri. Bi hilabete hauek probak eta egokitzapenak egiten ibili direla dirudi, eta pistoletazo ofiziala eman diote antza denez.
Aurrekoetan ere jardun dut hemen ikasbil dela eta ez dela. Ez dut oraingo honetan ere alde handirik, baina oraingoan azalpena behintzat badaukagu. Zer eta zertako da ikasbil?
Lehenengo definizioa argia da:
Euskara ikasleentzat www.ikasbil.net ikas-baliabideen bilgunea jarri du amaraunean Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako (HABE) erakundeak: 3.352 idazki, 2.382 entzungai, 1.988 bideo-pasarte eta 263 ariketa. Daudenez gain, etengabe sartuko dituzte eduki didaktiko gehiago.
Euskara ikasleentzako plataforma da orduan. Alde horretatik euskara ikasten eta hobetzen hainbati lagundu ahal badie ederto baten. Honen moduko baliabide zentro bat ez dago inondik ere soberan.
Irakasleoi dagokigunez, berriz, dokumentu biltegiaren antzeko zerbait daukagu hemen ere, eta material batzuk ere bai, dena dela, aurreko baten ohartarazi genuen modura hemengo gauza asko ordenagailuan egiteko pentsatuta daude, beraz klase presentzialetara egokitzen ez dira errazak.
Euskaltegien inguruko albistegia ere jarri digute. Ondo, orain arte horrelakorik ez dugu ezer izan eta. Hemen baten batek aipatu zuen aspaldian halako zerbaiten beharra. RSS edo antzeko zerbait eskertuko litzateke.
Edozelan ere, irakasleok oraingoz HABEren irakaslearen gunearekin konformatu beharko dugu. Bitartean gure arteko komunikazioa, ekarpenak, eztabaidak-eta honen moduko blogen bidez egin beharko dugu ;-). HABE horrelako zerbaitetan ez badabil behintzat, ze, lehengo egunean kide batzuen artean sentsazio berdintsua sumatu genuen: HABEren egitasmo berriak egun batetik bestera agertzen dira, izkutupean-edo garatzen dira, eta derrenpentean han agertzen dira eta dantzan ipintzen gaituzte erreakzionatzeko astia ere eman barik. 4. maila ipini genuen adibide, egun batetik bestera, hiru hilabeteko epean orain arte inork egin ez duen gauza bat eta haren berri izan ez duena martxan ipini.
Ez dakit ba, baina zerbait egingo badugu, HABE eta euskaltegien artean komunikazio, kooperazio eta gardentasun gehiago behar da. Egia da euskaltegien partetik gauza asko ez ditugula entusiasmo handiarekin hartzen, baina sekretismo horrek ere ez dauka funts handirik.
HABE erakunde publikoa da (bide batez, zergatik orduan .org domeinua www.habe.org-en?) eta zer egin duen ezezik, zertan ari den ere jakiteko eta bertan ekarpenak egiteko eskubidea (eta beharra ere esango nuke) daukagula uste dut.
Tira ba, ez da nire asmoa egurra ematea hala ere, zorionak ikasbil-engatik eta oxala egitasmo berriren bat baletor, baina ez derrepentean mesedez.

2006/02/08

Ikasbitakorak debalde

Euskaltegiblogak, mintzalagunblogak,... Hezkuntzaren munduan gu baino lehenago hasi dira bitakoren mundu honetan. IKTeroak ezagunak ditugu aspaldi, eta gaur adibidez blog pare bat topatu ditut: Ortuella BHI eta Getxoko Julio Baroja BHIrena. Azken institutu honetan irakasle eta ikasgela batzuen bitakorak ere sortzen eta erabiltzen dabiltza.
Ideiak eman ahal dizkigute hauek guztiek, eta berton ez badituzue aurkitzen, ematen dituzten estekei jarraituta gauzak topatzen dira.
Gauzatxu baten fijatu naiz hala ere, azken egunotan hemendik desfilatu diren blog ia guztiak zerbitzua doan ematen duten plataformetan daude (blogak.com, blogger, blogia, La Coctelera, Blogsome, ...). Ez dut uste eztabaidatzeko kontua denik, baina deigarria egin zait zelan blogak egiten dituztenen artean eskolak, euskaltegiak edo hezkuntza erakundeak ditugun. Eta hauetariko askoren atzetik erakunde publikoak (institutuak, udal euskaltegiak,..), edo erakunde sendoak (AEK, euskara elkarteak,...) daude, euren webguneak, zerbitzariak eta baliabide eta azpiegitura informatikoa dauzkatenak.
Ez naiz aditu-aditua, baina bloga edo blog komunitate txikiak antolatzeko software-a eta baliabide teknikoak ez dut uste erakunde hauentzako batere eskuraezinak direnik, alderantziz, nahikoa erraza delakoan nago. Internet-en dauzkagun debaldeko zerbitzuei ere ez diet meriturik kenduko, alderantziz, itzelezko ideiak eta aukerak ari dira zabaltzen, gehien baten honen moduko enredante indibidualontzat, baina eskola, institutu edo euskaltegi publiko baten blog "ofizialean" publizitatea ikustea bitxia behintzat bada.

2006/02/03

Beste euskaltegiblog bat

Pirioniotik animatu dira Garraldako AEK-ko Ana eta Nagore beste blog bat egiten. Berton iragartzen ibili zaizkigu eta hemen dago. Blogarekin ezezik, Schtuff-ekin ere animatu dira gainera. Blogak.com zerbitzu berria erabiltzen ausartu direnen artean hauek ere bai. Hasi baino ez dira egin, baina aipatzea merezi dute. Lankideak izanda gehiago.
Aupa ba! Pirinio partean euskara irakasten zabiltzatenokin bizipenak konpartitzea interesgarria izango da bat baino gehiagorentzat.

2006/01/28

Mintzalagunblogak


Aurreko baten euskaltegiblogen lehenengo ernamuinen berri ematen saiatu nintzen. Aste honetan blogean jarduten dudan beste kontu baten inguruko blogak ere ikusi ditut martxan. Mintza-berba-solas-barriketa-parraplada lagunak hain zuzen.
Bi topatu ditut orain arte:
Hauez gain, bestelako hau ere badabil, blog-bloga ez da, baina euskararen erabilera eta praktika sustatzen duen Muskizko Ostabe egitasmoak webgune dotorea dauka.
Bastante berriak biak, Arrastekoa aste honetan berton hasita. Lehenengo kolpe baten biek egitasmoko jardueren eta ekitaldien berri ematen dute gehien bat, agenda antzeko zerbait. Egizukoek nahikoa ondo aprobetxatu dituzte interneteko aukerak (blogari.net, flickr,..). Zaharberrikoek Goienaren barruan kokatu dute (logikoa bestalde).
Euskara ikastea barik, praktikatzea izaten da egitasmoon kontua. Gorantza dabiltza praktika-jarduera hauek, eta badirudi euskalduntze-prozesuak aurrera egin ahala hala izan beharko duela.
Praktika-jardueretan teknologia berriek zertan lagundu dezaketen hausnartzeko kontua da nire ustez. Argi dago komunikazio sare eta formato berriak zabaltzen dituztela, eta komunikazio horretarako euskara erabiltzen den neurrian, hizkuntza praktikatzeko aukera ere badira. Ez dakit orain zehazki nondik nora eroan daitekeen praktika bidea, baina aukera dagoela argi dago.
Momentuz agenda plazaratzeko baino ez bada ere, ondo dago hastea. Ea zer ematen duen.
Ez dakit zergatik, baina honetaz nabilela Usaiaren bloga etorri zait gogora. Hori beharbada bidetxu bat erakusten dabil.
Ez dakit ba, dena dela lehengo egunean euskaltegiblogetan dabiltzenei legez (eskerrik asko Josu, Iñigo, Ana eta Nagoreri erantzuteagatik bide batez) berbalagunblogetan dabiltzanei ere gonbitea luzatuko nieke euren asmoen eta esperientziaren berri emateko, blog honetan edo eurenean. Beste batzuk zain daude.

2006/01/27

Hizpide 60


Azken Hizpide heldu zait duela astebete. Oraindik ez dut irakurri, gainetik kukutxu bat egin. 4 artikulu dakartza:
  • Aitor Etxebarriak Hiznet-erako egin zuen ikerketa ikasle helduen motibazioaren inguruan. Udal-langileen taldea aztertu zuela dirudi. Luzetxua baina interesantea dirudi. Administrazioko ikasleekin (HAEE, IRALE, Osakidetza, Udalak...) gure lana hobeto antolatzen lagungarria izan daiteke.
  • Aukera anitzeko galderetan zoriak zer pisu duen aztertzen saiatu da Josu Perales beste baten. Josu Hizpideko fijoetako bat da, eta haren artikuluetan azterketa serioak topaten dira. Aintzat hartzekoak.
  • Aurrekoan blog-en ingurukoa atera zuten eta orain berriro internetekin datoz Natxo Guillen eta Agurne Azpitarte HABEko teknikariak. Webquest-ak eta Altxorraren bila prozeduren inguruan. Nik ez ditut asko ezagutzen , ea ideiaren bat ematen diguten.
  • Azkenengoa Santurtziko duodinamikoaren eskutik dator (porsierto, zer pasatu da irakasleon aldizkariarekin?). Abel Camacho eta Pedro Lonbide. Aspaldion dabiltza Europako Markoari bueltak ematen. Ea oraingoan zer dakarten. Adi egotekoak izaten dira hauenak, eurak ere bai. Europako markoa hor daukagu eta eskerrak baten batek lantzean behin akordarazten digula.
Esan dudanez, ez dut oraindino irakurri, datorren asteburuak aukera emango digula dirudi (euskalmet-i kasu eginez gero behintzat). Datorren astean irakurri ditudanen gaineko inpresioak ekartzen saiatuko naiz.
Dana dala HIZPIDEren gainean burutaziotxu bi amaitu aurretik. Ez daukazue sentsazioa apur bat ezezaguna dela. Euskaltegietara banatu bai, baina apaletan geratzen da. Irakurtzen da? Ezezkoan zergatik ote? Interes falta, formatoa, ...? Gure munduan ibili zen batek behin bota zuen karrajualdi baten gure sektorean ez dela bape irakurtzen. Egia ote?

2006/01/24

Xabier Mendiguren Elizegi - Hau ez duk Pagasarri


Xabier Mendiguren Elizegi - Hau ez duk Pagasarri
Xabier Mendigurenen blogean hau irakurri dugu gaur Koldo Izagirreren azkenengo liburuaren gainean.
Denok? Ulertzekoa da errazera jarritako irakurleak bestelakoak nahi izatea; liburua euskalduntzeko tresnatzat hartzearen poderioz literaturako zikiraturik geratu den irakaslea kexatzea; materiala euskaltegietan sartu nahi duen editoreak narrazio domestikoa hobestea. Oraindik ere badira, hala ere, eta zorionez, literatura plazer eta ezagupen iturritzat hartzen duten irakurleak. Zailduak. Konplizeak. Horiek guztiek zain dituzte “Sua nahi”ko solidaritate eta elkartasun istorioak, beren pertsonaia ameslari berritsu eta galtzaile etsigaitzak.
Liburua irakurtzen nabil, eta arrazoirik ez diot Xabierri kenduko. Konplexua baina irakurtzeko ahalegina eginda potentea. Hori bai, nire ikasle bati ez nioke irakurtzea beste barik gomendatuko. Lastima apur bat ematen dit hala ere nik liburua euskaraz irakurtzen hartu ditudan sentsazioak ikaslearekin zuzenean konpartitu ezin izateak. Antzerako gauza gertatu zitzaidan Bertso-txapelketaren inguruan, nik gozatu ditudan bertsoak gozatu nahi lituzkeen ikasle horiek gozatu ezina. Eta horrek ekarri ahal dien frustrazioa.
Hizkuntza baten goi-mailako adierazpenak (literatura eta bertsolaritza gure kasuan) hizkuntza (eta hizkuntza hori erabiltzen duen komunidadearen) horren ezarpen mekanismoak dira, eta berauek prestigioa irabazi ahala logikoa izango litzateke ailegatu berriak ere horiek jaso nahi izatea. Baina horiek prestigiatzearekin batera ailegatu berri horrengan ezin ailegatuaren sentsazioa zabaltzen badute frustazio-antzeko zerbait ere sortu daiteke.
Mahatserriko irakurlearen tartea aipatu digu Xabierrek (eskerrik asko bide batez). Irakurleren tartean hilean-hilean idazle bat etortzen zaigu (Xabier bera ere izan genuen berton gonbidatu, eta kantari ere bai), hirugarren urtea dugu hau eta idazle askok ekarri digute liburua. Xabierrek dioenarekin bat, baina literaturaren bidez hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko motibazioa altxatu dezaketen obrak ere badaude, ikasleei gomendatzeko modukoak. Horrela boteprontoan bizpahiru: Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da, Karmele Jaioren Hamabost zauri, edo Fernando Morilloren Gloria Mundi. Gehiago ere badira, ez dut uste hala ere hauek euskaltegi ikasleagan pentsatzen egin direnik, literatura lan duinak dira, erraz irakurtzekoak eta erakargarriak.
Beste kontu bat izan liteke, euskara irakasleok literaturari zer trataera ematen diogun. Liburu osoak irakurtzeko esaten diegu ikasleei? Zelan lantzen dugu literatura? Liburua irakurtzera mugatzen dugu lanketa? Ikasleak literaturarekin gozatzea jartzen dugu helburuen artean? Obra eta egilea kontestualizatzen ditugu? Literatura klaseak eman behar ditugu? Forma baino ez dugu lantzen (hiztegia adibidez)? Nik neuk honelako zalantzak eduki ditut sarri klasea eta literaturaren inguruan.
Hor daude galderak. Dena dela, gauzatxo bi esan barik ez nuke amaitu nahi. Bat, idazleari entzuteak gehienetan liburua gehiago gozatzen laguntzen du, eta bi, Koldo Izagirreren liburua ikasleei ez baina irakurzaleei gomendatzen diet.

2006/01/20

Karrajua Wikira


BLOGA BLOGA, MARINELA!: HAMABOSTIAN BEHIN (VIII) Berbalaguna: Zer egin klasean honekin?

Lehengo post baten Josu Martinezen blogeko mezu honetan irakurritakoak zer esana eman zidan. Egia esanda, post horrek zer pentsatua eta zer proposatua gehiago ere eman dit, hain zuzen ere nire beste post batekin josita. Schtuff zerbitzua aipatu nuen gainetik aurreko horretan, Schtuff-ek (zaila idazten gero! eta esaten ere bai) wikiak debalde publikatzeko aukera ematen du. Blogger honen moduko zerbait bain wikietara ekarrita. Wikien aukeren inguruan ere jardun dut, baina asko probatu barik orain arte. Eta okurritu zait del.icio.us klaserako lehenagoko baten proposatu nuen hura osatzeko aukera izan daitekeela.
Proba egiten hasi naiz beraz. Schtuff-en kontua zabaldu eta eurek espazioa deitzen dutena sortu. Karrajua deitu diot, honi bezala, hemen dago. Zertako ba?
Bloga jarraitzen duzuenok konturatu zarete gauza pare bati bueltak ematen ibili naizela:
  • Teknologia berriek euskaltegien munduan gabiltzanoi ematen dizkiguten aukerak
  • Euskara irakasleok eta euskaltegien mundukook orohar komunikatzeko eta konpartitzeko dauzkagun hutsuneak eta aukera urriak.
Wikia dokumentuak elkarlanean sortzeko eta kudeatzeko sistema da. Dokumentu horiek gainera publikoak izan daitezke (kasu honetan bezala), ezagutza konpartitzeko eta osatzeko aukera dotorea beraz.
Gure mudnuan galderarik ohikoenetariko bat "zer egingo dut klasean?" izan ohi da. Tira, hemen horri erantzuten laguntzeko aukeratxu bat zabaldu dezakegu. Dokumentuak eta testuak internet-en bidez aurkitu, eta horiekin zer egin daitekeen hausnartzeko eta konpartitzeko gunea. Del.icio.us eta Schtuff hurrenez hurren, lasterbide konpartituak eta wikiak hain zuzen ere.

Zelan funtzionatzen du?

Lehenengo eta behin hau proba dela esan behar da. Eta proba den neurrian zelan dabilen aztertu beharko da, eta ondorioak atera. Beraz, ez dezagun pentsatu polbora asmatu dugunik.

Schtuff

Zerbitzu hau deskribatzen saiatuko naiz.
Schtuff-ek erabiltzaile erregistratu bakoitzari aukera ematen dio zenbatnahi "espazio" sortzeko. Espazio hauetan erabiltzaile horrek (eta hark baimena ematen dien beste erabiltzaileek ere) dokumentuak sortu eta publikatzeko aukera dauka. Konparazio baterako, espazio bakoitza blog baten antzerakoa da: bloga sortzen duzu, eta bertan zure post-ak publikatzen dituzu eta kronologikoki agertzen dira. Baina wikiak ez dira blogak, hemen aldeak:
  • Publikatzen dituzun dokumentuak aldatu ditzakezu, eta aldaketak dokumentuaren historiak artxibatzen dira. Hau da, dokumentuaren bertsio desberdinak ikus daitezke.
  • Dokumentu horretan pertsona batek baino gehiagok egin ditzake gehiketak eta aldaketak. Dokumentua etengabe ari da eraikitzen, jende desberdinaren ekarpenekin, edo norberak denboran zehar gehitzen edo aldatzen duenarekin. Bertsio guztiak gordetzen dira, beraz gauzak gehitu ahala ez da ezer galtzen, gehitu baino.
  • Horrez gain gehienetan aukera egoten da komentarioak eta eztabaidak bideratzeko, blogetan bezala.
  • Eredua ikusteko wikipediatik osteratxua egitea gomendatuko nuke. Euskarazko wikipediatik zehatzago. Eta kolaboratzen ere bai (egun baten pentsatu beharko dugu euskaltegietan honi zer erabilera eman).
Schtuff-en erabiltzaile erregistratuek baino ezin dituzte dokumentuak sortu edo editatu, berdin komentarioekin. Hala ere, erregistratzea erraza eta doan da, beraz hori ez dut uste problema denik. Bestelako aukera interesgarri batzuk ere ematen ditu gainera:
  • Tag-en sistema. Dokumentu bakoitzari nahi dituzun etiketak jarri ahal dizkiozu (del.icio.us-en antzera), eta gero etiketan horien arabera dokumentuak sailkatuta ikusi ere bai.
  • Artxiboak eta dokumentuak igotzeko aukera ematen du (neurri batera arte noski)
  • Erabiltzaile batek espazio desberdinak sortu ditzake.
  • Bestelako batzuk: dokumentuen jarioa, irudi-galeria, bilaketak,...
Lehenengo proba: klaserakoak
Esan dudan bezala karrajua izeneko espazioa sortu dut schtuff-en. Berton del.icio.us klaserako link-ekin (edo beste dokumentu batzuekin, ikasbil-ekoak adibidez) klasean zer egin daitekeen hausnartzen saiatuko naiz, eta gauzak proposatzen, hau da, klaserako ideiak izango dira dokumentu horiek. Wikiak oso dinamikoak dira, ez dira behin egin eta finkatuta geratzen diren dokumentuak, beraz, gaur ikusten duzuna bihar aldatuta egon daiteke.
Espazio horretan aukera eman diet erabiltzaile erregistratu guztiei dokumentuak sortu eta editatzeko, baita komentarioak egiteko ere. Beraz, nahi duenak osatu edo aldatu ditzake dokumentuak. Trankil, aurreko bertsioak gorde egiten dira, ez da ezer galtzen. Edozelan ere, dokumentua ikutzen ausartzen ez bagara, komentario egin daiteka. Hori bai, edozer egiteko erregistratuta egon behar da, bestela ikusteko aukera baino ez dago.
Laburtuta, hau da egin behar dena:
  • del.icio.us klaserako tag horretan dauden esteketariko bat hartu (gogoratu edonork jarri dezakeela tag hori del.icio.us-en kontua zabalduta), eta horrekin schtuff-eko karrajuan dokumentua zabaldu, inork lehenago horren inguruan zabaldu ez badu behintzat.
  • Testu horrekin klasean zer egin daitekeen deskribatzen saiatuko gara Schtuff-eko dokumentuan. Testu bakoitzeko dokumentu bat. Dokumentu horretan "ataza" edo ariketa bat baino gehiago agertu daitezke (bestela nahastosoa izan daiteke)
  • Dokumentua egin ostean saiatu tag-ak (etiketak) ipintzen ataza hori definitzeko eta norbaitek interesa baleuka erraz topatzeko.
  • Egindako dokumenturen bati egiteko moduko ekarpena okurritzen bazaigu, dokumentua editatu ahal dugu eta geurea gehitu.
  • Komentarioren bat okurritzen bazaigu, edo aldaketak azaldu nahi baditugu, komentarioak egin dokumentuari (blogetan bezala).
Konturatzen bagara, horrelako dokumentuekin azken baten jakintza-basea sortu daiteke. Gure kasuan material eta ideien bilduma. Gainera ez dira espazio pertsonalak, blogak bezala, espazio kolektiboak baino.

Wikien idazkera

Editatzen ausartzen bazarete, arazoa aurkituko duzue duda barik, wikien kodea. Wikiak ez dira Word-en bezala idazten, idazteko marka eta sistema berezia daukate, konplexuagoa, gainera ez dago unifikatuta. Schtuff honetan ere horrelako sistema erabili behar da. Hasieran gogortxu egiten da, trankiloa hartu arte behintzat. Lastima da. Dena dela beti dago aukera beste nonbait editatzeko (word-en adibidez) eta kopiatzeko, ez da berdin-berdina izango baina beti konpondu daiteke.
Schtuff-ek berak idazteko gida ematen du, ingelesez baino ez dago hala ere (hizkuntza irakasleak gara dena dela, ezta? ;-)).

Estekak

Hemen utziko ditut estekak zerrendatuta.
  • Hemen dago lehenengo proba. Josuren post-arekin okurritu zaidana
  • Hemen Schtuff-eko karrajua.
  • Hemen Schtuff bera.
  • Hemen del.icio.us klaserako etiketen zerrenda.
  • Hemen hau dena irakurri ostean edukiko duzuen sopaletras mentala kentzeko erremedio kaseroa.

2006/01/19

Euskaltegiblogak


Blogak euskaltegietara ailegatu dira. Mundu guztira heldu badira, argi egon da gurera ere noizbait heldu behar zirela. Dagoeneko hiruzpalau fitxatu ditut:
  • Ilazki euskaltegiko ikasleen bloga. Josu Aiztiriak berton iragarri zigun duela aste batzuk.
  • Barakaldoko Udal Euskaltegian bi gutxienez: Barakaldoko EGAlariak eta Zibergela. Blogger ondo aprobetxatu dute hauek
  • Gaur iragarri den Galdakaoko Udal Euskaltegiaren bErBeT@n.
Loralditxo honetan zerikusia izan du seguruenik HABEk udan weblog-en inguruan eskaini zuen ikastaroak. Gerora HIZPIDEn azken aurreko zenbakian artikulua atera zuten HABEko teknikari bik blogen eta weblogen inguruan (noizko Hizpide on-line eta eguneratuta?).
Itxura desberdina hartu diet guztiei. Ilazkikoak albistegi itxura dauka, euskaltegiaren inguruko informazioa ematen du. Helburuen artean ikasleen parte-hartzea sustatzea ere aipatzen dute. Badirudi oraindik bideratzen ari direla.
Barakaldoko Udal euskaltegikoetan ez dut zer asmorekin eginda dauden aurkitu. Zibergelakoan eztabaida gaiak planteatzen direla dirudi, dokumentazio lan handia egiten dute. Ez dakit eztabaidok non planteatzen diren, blogean ez dago iruzkinik behintzat. Beharbada, autoikaskuntzako mintza-saioetan, bloga mintza-saioak prestatzeko, horrela bada, ideia polita izan liteke.
Barakaldoko EGAlariak blogean, bestalde, testu luzetxuak daude. Denetarikoak, narrazioak, argudioak,... Ez dakit nork eginda eta zer funtzio emanda. Post batzuetan erantzun luzeak ere badaude, eta ikasleak diruditenek sinatuta. Hau ere ez da ideia txarra. Blog bietan euskara ikasleentzako esteken zerrenda landua dago. Aipatzeko moduko lana egiten dabil baten bat.
Galdakaokoan eztabaidarako gune antzeko zerbait proposatu nahi dute. Eurek aitortzen dute bloga baino gehiago foroa dutela gogoan. Klasean sustatuko dute parte hartzea, eta emaitzen zain dabiltza. Ikusiko dugu ba.
Esperientzia interesgarriak, neuretik ideia batzuk botako ditut hemen blogen erabileraren inguruan, karrajutik norbait pasatzen bada-edo (badakizue, karrajuko haize hau):
  • Blog-a idazteko guneak dira, baina irakurtzeko ere bai. Ez dago zertan ikasle guztiak blogari jarri. Blogetan era askotako informazioa eta irakurgaiak topa daitezke. Sarritan gainera prentsan edo literaturan (adibidez) aurkitzen direnak baino ikaslearentzako hizkera eskuragarriago baten idatzita.
  • Orain arteko formato idatzi gehienek ez bezala elkarrekintzarako aukera handiagoa ematen dute. Mintzamenerako laguntza handia ere izan daitezke. Blog-en hizkera ohiko idazkera formaletik (EGAko idazlanena) urrundu eta ahozko hizkerara hurbiltzen da sarri.
  • Ikasleen blog informalak sustatu beharko lirateke nire ustez (bitakora pertsonalak, klaseko egunerokoak,...). Ikasleen ikas-esperientziaren ingurukoak jasotzeko tresna ona ere izan daitezke.
  • Blog-ek formaren gaineko feedback-a emateko aukera ere ematen dute. Hau da, ikasle batek egindako testuaren gaineko komentarioak, idatzi duenaren gainekoak ezezik, zuzenketak eta formari buruz egiteko ere erabil daitezke. Honetarako wiki-en posibilitateak ere aipatu nituen lehengo baten.
  • Eztabaidarako blogak erabiltzen dira, baina nire ustez, horetarako foroak egokiagoak dira, edo txat-ak,...
  • Blog-ak proiektuak bideratzeko erabili daitezke. Adibidez, ikasle taldeari proposatu diezaiokegu irteera baten antolaketa eta kontakizuna blog baten bidez egitea.
Gauza gehiago ere egin daitezke, aukera ugari ematen dituzte eta nire derrepenteko brain-storming hau txiki-txiki geratu daiteke. Hala ere irakasle batzuk blog-ak erabiltzen animatu diren modura, euren esperientziak kontatzeko eta zabaltzeko bloga noiz zabalduko nago. Adibidez, Barakaldo eta Galdakaoko esperientziaren berri kontatzen diguten blog pare bat.
Animatuko?

Aitapontekoak

Bloga, bloga mariñela! blogean Josu Martinezek Euskadi irratian botatzen dituen kantuak eta bertsoak plazaratzen ditu, irakurri eta entzuteko moduan. Gaur Berbalagunei dedikatu die. Sarreran lagun baten aipua bota du, berbalaguna "Apadrina un euskaldunberri" antzeko zerbait dela edo.
Ez dakit Josuren lagunak esanekoari zer ñabardura ematen dion, baina sektore euskaltzale batzuetan euskaldun berrien eta orohar euskaltegin munduarekin dabilen jarrera bat barruntatzen dut. Ez dakit ondo-ondo zelan azaldu, baina futbolzale askok erregionaleko taldeei ematen dieten antzeko tratamendua-edo izan liteke, txisteak egiteko modua gehien bat.
Ez dakit, baina euskararen normalizazioaren ikuspegitik 1000 lagunetik gora astero euskaraz egiteko batzea, gutxienez, egun baten 13.000 batzea bezain eraginkorra izan daitekeelakoan nago. Areago, 13.000 horietatik asko euskaltegietatik pasatuta egingo nuke.
Athletic-zaleen harrotasuna hutsaren hurrengoa erregionaleko talderik ez balego. Eta aitapontekorik ez daukan asko dabiltza bataiatu guran.

2006/01/13

Adibideak

Gaztelaniazko web batzuk bisitatzen ibili naiz, blogak eta hezkuntza munduaren ingurukoak. Blog-ek eta komunikazioaren teknologia berriek ematen dituzten aukerei buruz asko egin da berba, baina guri oraindik ez dakit adibide asko heldu zaigun. Asko daude, hizkuntza guztietan seguruenik, baina ni gaur adibide batekin geratu naiz. Felipe Zayas izeneko literatura irakasle batek doaneko zerbitzu batzuk erabilita bere lanaren jarraipentxua egiten duen bloga dauka batetik. Kontatzen duena helduen euskalduntzeko irakasleontzat ez dakit noraino zaigun baliagarria, baina zelan kontatzen duen bai. Klasean egiten duena eta zergatik egiten duen kontatzen du, eta baten bat hori entzunda animatu egiten da hark egindakoa egiten. Software soziala-edo deitzen den honen aplikazioa, ezagutzaren zabalpena eta haren eraikuntza kolektiboa. Hau da, irakasle batek berea kontatzen du, eta dauzkan irakurleak (irakasleak haiek ere seguruenik) hortik edateaz gainera, aportatu ere egiten dute. Indarrak aprobetxatzeko bide ona. Horrez gain schtuff izeneko zerbitzua erabili du errelatoen wiki bat egiteko beste irakasle batzuekin elkarlanean.
Erabili dituen zerbitzu guztiak debaldekoak dira. Beraz bitarteko edo diru faltaga ez da arazoa izan harentzako. Ideiak onak eta debalde egiteko modukoak, adibideak ugari. Guri zer falta zaigu ba?

2006/01/11

Ikasbilen "atazak"


Ikasbil horrek zer ematen duen endredatzen segitu eta ariketak atalean Daniela Freudenberg agertu. Hasiera baten pentsatu dut del.icio.us-en klaserako linkatu nuen elkarrizketa bera (hau) erabili dutela. Beste elkarrizketa bat da hala ere (HABE aldizkarikoa), eta horren gainean galderak eta erantzunak lotzeko ariketa eraiki dute.
Tira, del.icio.us-en markak zeozertarako balio badie pozik. Bestela, badakite non daukaten gauza gehiago. Nik zeozer interesgarria edo eman dezakeena ikusten dudanean horra bidaltzen dut, baina ez ahaztu klaserako tag hori edonork erabili dezakeela, eta denak batera ikusi.
Bestalde, 1.500 lagun munduan euskara ikasten, eta haientzako (eta bertoko batzuentzako ere bai, ezta Usaia?) sarean ordenagailuan egiteko ariketak jartzea gauza handia da, baina, teknonologiak aurrera eta aurrera doala ere, euskaltegietan 30.000 ikasle inguru ei dabiltza, eta irakasleok ere 2.000tik gora. Beraz, atazak, ariketak (terminologiaren gainean ere egun baten jardun beharko litzateke) edo ikasteko baliabideak sarean jartzeko sortzen badira, inprimatzeko edo eskola presentzialean erabiltzeko bertsioa ere egitea askok estimatuko lukete.

2006/01/05

Gero eta euskara ikasle gehiago Euskal Herritik kanpo


Erabili.com-etik heldu da albiste hau. 1.500 lagun munduan euskara ikasten. Kuriosoa. Boteprontoan bertokoari eutsi ezinik gabiltzala, kanpotik ere eskaria datorkigu. Euskara irakasleak asko gara, nahikoa, ez dakit. Kontutxu bat plazaratzeko balio dezake honek. (Helduentzako) euskara irakasleak gero eta gehiago behar dira, baina gure lan-baldintzak eta prestigio soziala horrenbesterakoa ote da? Gure lana behar den modura errekonozituta dago jendartean, erakunde publikoetan edo euskalgintzan berton? Gogoeta zabaltzea baino ez da asmoa.

Tekno-enredatzen: jostailuak


Ez naiz gabonetan tekno-enredatzen ibili den bakarra. Gaur (urtarrilak 5), Sustatun hau agertu da. CodeSyntaxek blog komunitateak kudeatzeko software berria aurkeztu du, Bitakora.
Haritik tiratzen, Ana Malagonen blogeko post honetara heldu naiz. CSS orrien edizioa noraino baimendu eta zabaldu behar den atxakia hartuta CMSen inguruko kezka batzuk plazaratu dira hemen, eta aurreko postean kontatu dudana, eta Ikasbil dela eta Josu Aiztiriaren komentarioarekin lotu dut kontua.
Blogari batzuk kezkatuta daude gaur egun (dohainik batez ere) eskaintzen diren zerbitzu batzuetan dauzkaten aukerekin (CSSak editatu edo norberarena erabilli, zerbitzu hauetan erabiltzendiren CMSek eskaintzen dituzten aukera urriak edo norberak nahi lituzkeenen falta,..).
IKTen erabileran blog-ekin apur bat itsutzen hasi garelakoa daukat. B2evolution, Wordpress, Blogger, eta Bitakora berri hau gehien bat blogak atontzeko software-ak eta zerbitzuak dira nire uste apalean, eta teknologia berrien bidez askoz gauza gehiago egin ahal eta behar ditugu. CMS kontzeptua bera ere, txarto ulertu ez badut, blogetik askoz harago doa: edukien kudeaketa, gaur egun hain modan daukagun ezagutzaren kudeaketa, eta, orohar komunikazioa gauzatzeko tresnen abanikoa askoz zabalagoa eta dinamikoagoa dugu. Lehendik ere foroak ditugu adibidez, nire ustez blogetan gertatzen diren eztabaida batzuk bideratzeko aproposagoak. Wikia aipatu dut aurrekoan, indarra hartzen ari dena dirudienez. Berehalako komunikaziorako Skype-en modukoak edo IRCak eta txatak ditugu aspaldi. Buletinak, posta-zerrendak eta jarioak ere hor daude. Eta etortzeko daudenak eta, gehien bat hauekin guztiekin egin daitezkeen konbinazioek ate asko zabaltzen dizkigute gure komunikazio-beharretarako. CMS desberdinek tresna hauen intregrazioa funtzionalitate eta behar izan desberdinetarako eskaintzen dizkigute eta hortik norberak behar duena aztertzen hasi beharko da, dena ez da blogekin (edo bitakorekin) konpontzen. Josuk lehengoan Sustaturen moduko albistegiaren beharra aipatu zuen, horrekin batera materialaren bankua edo repositorioaren antzeko baten beharra ere bai. Nik ere beste gauza batzuen beharra barruntatzen dut: talde-lanerako tresnak (groupwarea?), LMSak (learning management system), eta orohar, saltsa honetan gabiltzanon partetik komunikaziorako jarrera ausartagoa.
Errege egunaren bezpera gaur, jostailuen publizitatea barra-barra. Geuk ere jostailuetan badaukagu. Hasi gaitezen olgetan.

2006/01/04

Tekno-enredatzen

Gabonetako oporrak aprobetxatu ditut sareko teknologiek ematen dizkiguten aukera batzuk aztertzeko. Egin duen hotzarekin atxakia ona ordenadorearekin denbora emateko.XAMPP ekin zerbitzari lokala instalatu eta CMS batzuk probatzen hasi naiz. Aztertu ditudan batzuen berri emango dut oraingoz. Hurrengo baten gehiago.

  • Moodle. Aspalditxo nabil honekin enredatzen. Duela urtebete edo izan nuen lehenengo kontaktua. Proba pare bat egin ditut lanean (AEKn), eta on-line ikastaroak antolatzeko tresna ona izateaz gainera, beste aukera pare bat ere ikusten dizkiot. Bat, euskara ikasteko jarduera osagarriak on-line antolatzeko, eta bigarrena, talde-lanerako plataforma telematiko modura (beste CMS batzuen antzera). Ez da zaila konfiguratzen, aukera eta tresna ugari ditu eta, nire ustez, ez du erabiltzen trebatzeko aparteko ahaleginik eskatzen. Estetika eta modulu batzuen funtzionalitatea ditu puntu ahulak nire ustez. Dagoeneko gurean ere zabaltzen hasi da. AEK-k ikastaro hau zabaldu du. Santurtziko Udal Euskaltegiak webgune osoa atondu du Moodle-ekin. UEUkoak ere lantzen ibili dira. Euskarazko Moodle komunitate txikitxu bat ere badago, ez oso bizia, baina zeozertan badabiltza. Axular Lizeoaren ikasgela birtuala dugu adibide.
  • Drupal: CMSa da (Content Management System, Edukiak Kudeatzeko Sistema). Konfiguratzen konplexua da lehenengo baten, baina probatzen hasita engantxatu egin nau. Konplexua den neurrian, oso konfigurablea, irekia eta posibilitate askokoa ere bada. Komunitate birtualak, blogak, foroak, eta okurritzen zaizkizun posibilitate berriak antolatzeko ere bai. Proba batzuk egin ditu zerbitzari lokalean eta ideiak ere eman dizkit. Baina esan dudan modura, denbora eta gogoa eskatzen du, eta seguruenik adituren baten laguntza (informatikariak). Dena dela baten bat zalea bada probatzen animatuko nuke. Hemen aurkitu dudan Txileko atari bat.

  • Wikiak. Wikia modan jartzen ari dela dirudi. Moodle eta Drupalek euren funtzionalitateen artean dauzkate wikiak. Ez dut orain wikia zer den azalduko (irakurri hau). Ibili naizen apurrarekin, aukera handiko tresna dela uste dut. Idazmena lantzeko, dokumentuak osatzeko, ... azken baten testuak idazteaz ikuspegi berria zabaltzen duela begitantzen zait.
    Esan dudan bezala CMS gehienek wiki funtzionalitatea daukate. Badira wikia lantzeko programa berezi asko, nik mediawiki baino ez dut probatu, eta hau ere gainetik. Boteprontoan itxura erakargarria, baina ez dut konfigurazioa ondo kontrolatu oraindino. Wikiaren arazo nagusia editatzeko sistema izan daiteke, wiki hizkera menperatu behar da kasu gehienetan eta hasieran astuna izan daiteke horrela idaztea. Aipatzekoa da duda barik wikipedia proiektua eta honen barruko euskarazko wikipedia (Zergatik ez ikasleei dakitena bertan idazten animatu? Ideia da).
Beste batzuekin ere enredatzen ibili naiz, gainetik hala ere: B2evolution, Xoops, joomla, ... Askoz gehiago ere badira. Hemen daukazue bilduma ona. Hurrengo baten jarraituko dut.
Dena dela, espero dut aurreko post-aren haritik informatikariak intrusismoagatik ez haserretzea.

Gerrilariak

Hari bi batu zaizkit gaur gogoeta baten. Bateko, Filoblogia-n euskararen jatorria dela eta ez dela dabilen saltsa, eta besteko, gaur e-postaz gurekin harremanetan jarri den auzokide batena.
Gorka izeneko boluetarrak aspaldian dauka webgune hau (arazoak ematen ditu sartzeko). Berton, berak kontatzen duenaren arabera, lagunei laguntzeko euskara ikasteko metodoa egin eta jarri zuen guztion eskura. Euskara ikasten hasteko metodo erraza, gaztelaniaz azalduta, "syllabus" estrukturalaren eredura eginda (gramatikan oinarrituta alegia).
Ez dakit Gorka hau irakaslea den edo euskararen profesionala behintzat, euskara jakin, behintzat, ondo dakiela dirudi, eta niri ez dit batere konpetentzia desleiala egiten digunik ematen. Areago, profesionala ez balitz ere, ez dut uste inori kalte egiten dionik ere, nahiz eta horrelako "metodoak" gaur egun hizkuntzen irakaskuntzako sektore askotan desprestigatuta, baita anatemizatuta ere, dauden. Inork ez du indar handirik gastatuko horretaz eztabaidatzen (neu lehenen), alperrikakoa ezezik, kaltegarria ere badelako horrelako demandetan ibiltzea. Eta gainera gehienok ados egongo gara lagungarria ere badela eta Gorkari lana eskertzea da bidezkoena. Euskara aurrera ateratzen laguntzen du hain zuzen ere.
Beste batzuk, berriz, aurrera begira baino atze-atzera begira jarri dira. Hizkuntzalari "profesionalei" ere diletanteak agertu zaizkie, eta batzuk nahiz besteak eurenari eutsi guran, polemika. Ez dute ondo hartu filologo ofizialek euskararen jatorriaren inguruan azkenotan filologo amateur batzuek zabaldu dituztenak, eta gehien bat eman zaien oihartzuna. Neuk ere, filologoa izanik (ez profesional, ez amateur, tituludun hutsa baino ez), profesionalen kabreoa ulertzen dut, baina hau eruditismoaren ondorioa baino ez dela uste dut. Euskararen jatorria kontu mitikoa eta afektibotasun kolektiboa erraz ikutzen duena da. Hortaz, ez da harritzekoa hipotesi "politak" arrakasta soziala izatea, areago, unibertsitateko filologoek eurek onartuta, dibulgazio lan gutxi egin denean. Dibulgazioa egitearen beharra onartzen hasi direla dirudi, eta hori ez da gutxi.
Hizkuntzaren pedagogiaren munduan ere sentsazioa izan dut sarritan adituen hizkuntza ez zaigula profesionalei heltzen behar den bezala, are gutxiago amateur-ei, eta zer esanik ez ikasleei. Hizkuntzaren pedagogiaren inguruko dokumentazioa ez da erraza ulertzen, aurkezpena nahastosoa eta konplexua izaten da, aparato zientifiko-bibliografiko-erretoriko handia (bost hogerlekoko berba asko), eta ondorioz, profesional askok dogma modura asumitzen dute sarritan adituek predikatzen dutena, baina ondo ulertu, konpartitu eta asimilatu gabe. Artikulua agertu da azkenengo Hizpiden (59) honekin lotuta. Ron Sheen-ek sinatzen du eta neurri baten hau azaltzen duela uste dut.
Hizkuntzaren irakaskuntzako adituek ez dute honen errua izango, ezta filologoek ere, baina azken baten biek daukate gauza komun bat: hizkuntzarekin egiten dute (dugu) lan, eta gu ez bagara hizkuntza egokitzeko kapaz, seinale txarra benetan. Ez gaitezen harritu beraz baten batek gauzak ikertzeko ez, baina kontatzeko abilagoa izanda aurre hartzen badigu.
Lehengo egunean ez dakit non entzun nuen Einstein-ena omen zen aipua: "Gauzak ez dira ondo ulertzen harik eta amamari azaltzen jakin arte".
Niri duela 10.000 urte mendebaldeko Afrikan zer hizkuntza egiten zen baino gehiago Euskal Herrian 10 urte barru zer hizkuntza egingo den ardura handiagoa ematen dit, eta ardura hau dugunok amamari azaltzeko abilidadea eta Einsteinen adimena beharko genituzke lagun.