Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2006/03/03

Barnetegi urbanoa

Berbalagunarekin nator atzera. Aspaldi aitatu barik ba! Atzo berbalagun berriak etorri zitzaizkigun, neska bi, eta aurkezpenak eginda barnetegien kontua agertu zen (euskara ikasleen artean logikoa, ezta?), Berbalagun gehienok (ikasle nahiz irakasle) barnetegian ibilitakoak gara. Badakizue, barnetegiko batallitak, parrandak, ligeak,... Irribarrez kontatu ziren gauza gehienak, oroitzapen gozoa nonbait. Bistan da barnetegiak eragin ona izan duela ikasle hauen euskararekiko pertzepzioan eta jarreran,... Berbalagunan apuntatzearen kulpa apur bat ere izan du seguruenik.Nik azkenengo barnetegia duela 10 urte egin nuen. Barnetegian irakasle ibiltzea gogorra da, hori geratu zait gogoan duda barik, fisikoki gogorra eta burua ere nekatuta. Hala ere, neuri ere akorduarekin irriparrea loratzen zait, ez daukat barnetegiekin oroitzapen txarrik batere, ez ba!Kontua da atzoko parrapladen ostean, etxerantz, barnetegian ibiltzearen antzeko sentsazioa igarri nuela. Ez lekuagatik noski (Santutxu erdiko taberna inguruek ez daukate Barnetegi-herrien halako xarma bukolikorik, ez) Baina berbalagunen solasaldiak eta jarrerek barnetegiko ikasle-irakasle koadrilen giroa ekarri zidaten gogora une baten. Eta azken baten barnetegian ikasleak apreziatzen duen hori guztia gertatzen ari zen han ere: solasaldi informala, lagun arteko giroa, konfidantza eta ikasleen arteko konplizitatea (Kuriosoa da, baina barnetegiko batalliten artean inork ez zuen klase orduetan geratutako ezer kontatu). Barnetegien birtuteei buruz asko esan da:euskara ikasteko prozesuan sakada handia izaten dela, motibazio-iturria, ikasteko denboraren trinkotasuna,.. Egia izango da hori guztia. Argi dago euskara ikasle askok praktika horretan mintza-jarioa ez ezik, beste zerbait ere nahi dutela. Barnetegiak ematen diena, eta, atzo barruntatu nuenagatik, Berbalagunak ere eman diezaiekena. Barnetegiak akatsik balekuka, denboaren trinikotasuna izan liteke, hamabost eguneko epea, intentsoa baina laburra, eta hizkuntza erabiltzen trebatzeak lan jarraiagoa eta sarriagokoa eskatzen du, trinkotasunaren kaltean bada ere.Nire berbalagun guztiak euskaltegian dabiltza ikasten, Berbalaguna haientzat barnetegiko klasetik kanpoko jardueren antzeko zerbait izan daitekeela uste dut. Klasea+mintzapraktika. Hau ez da halako barnetegi urbanoa?

No comments: