Karrajua.org atontzen nabilela pentsatu dut irakasleentzako baliabideak eskaintzen dituzten webguneen esteka-zerrenda osatzea. Hemen dago. Diseinuan hobeto findu behar dut kontua eta esteka gehiago bilatu, baina abian da kontua.
Egundo ez naiz izan gauzak topatzen abila, baina handik eta hemendik begituta gauzatxo batzuk aurkitu ditut eta sartzea erabaki dut. Gainea karrajua.org webgune irekia egiteko asmoa daukadanez, gutxieneko azpiegitura behintzat montatu dut, gerora norbaitek gauzak sartzen lagungu nahi badu-edo.
Dena dela, berriro esango dut, ez naiz batere abila gauzak bilatzen eta letra-zopak egiten -zerrenda hau egiten asko lagundu didate IKTeroen eta Barakaldoko Zibergelakoen esteka-zerrendek gainera, eskerrik asko- baina helduen euskalduntze-alfabetatzean gabiltzenok ez dugu sarean gauza asko konpartitzen. HABEren teknikariek Ikasbil edo HABEren webgunearen beraren bidez gauza asko zabaltzen dituzte, baina lanean dabiltzan 2.000 irakasletik gorako horiek ez ote daukate ezer zabaltzeko? Salbuepenen bat dago, baina orohar gutxi. Eskola munduak gehiago zabaltzen ditu gauzak guk baino. Nik lan egiten dudan erakundeak ere ezer gutxi zabaltzen du bere intraneteko mugetatik hara.Top-manta eta software librearen sasoian zer pentsatua ematen dit honek guztiak. Gurean pentsatzen jarraitzen ote dugu norberaren ideiak-materialak-esperientziak norberaren ondarea direla eta norberak baino ezin dituela manejatu? Gure materialak, ideiak, esperientziak,... egun baten liburu baten batu, argitaratu eta haren salmentarekin aberastu edo sikieran gure euskaltegien zenbakiak berdinduko ditugula uste dugu? Aditu batzuek baino ezin dute zabaldu euskara ikasteko teknikak, materialak eta ideien bilduma? Guk ez daukagu elkarri ezer aportatzeko? Hain gutxik daukate besteekin konpartitzeko gogorik? Inork berak eginekoa besteekin hobetzeko grinarik? Gure euskaltegien eta sareen korporatibismoa hainbesteraino heldu ote da? Espioitza industrialaren beldur ote?
Euskal Herriko biztanleria euskaraz eroso, erraz eta ondo egiteko trebatzea dugu helburu denok. Ez dut uste askok honekin aberasteko asmorik daukatenik, eta egunero eskola-ordu pila bat eginda esperientzia eta ezagutza metatu beharko genuke ezinbestean, eta hori guztia konpartitzeko bideak aurkitu eta erabiltzen baditugu helburu hori (inoiz erdietsiko dugula sinesten badugu) hurreago edukiko genuke. Ezpabere milaka gerrilari isolatu gara, armada indartsua barik.Adibide bat emango dut. Karrajua.org Drupal software-arekin nabil atontzen. Ez naiz informatikaria edo programatzailea. Drupal hori gainera ez ei da software erraza manejatzen, baina drupaleroen komuninateak ohitura ona dauka (software librearen munduan dabiltzan horrelako komunitate guztien antzera), norberak egiten duena norberarentzat gorde barik, zabaldu egiten du eta denon eskura ipintzen du (moduluak, arazoen konponketa, kode-zatiak,..) eta nire moduko hasiberriok dauzkagun arazoen aurrean gure aurretik ibili direnek kontatzen dutena baino ez dugu egin behar sarritan, beste batzuetan, berriz, haiek emandako pistei jarraitu, eta gutxitan aurrekoek egindakoaren gainean burua kantsatu eta konponbidea aurkitu. Mundu horretan jan-txakurrak ere egongo dira duda barik, baina nik neuk une honetan haiei zerbait aportatu ezinaren pena daukat batez ere, eta haien kemena norberak ere hartzen du.
Ez dakit ba, informatikaren mundua pistak ematen dabilzkigulakoan nago. Free software edo txiringitoa guztion artean eraiki.
1 comment:
Aupa Usaia, aspaldiko!
Zure bloga irakurtzen ibili naiz. Ondo ulertu badut Maizpiden amaitu duzu eta Salamancara joan zara bueltan. Ikasi duzuna galtzeko beldurrez zabiltzala diozu, mintzalaguna ere badaukazu hala ere.
Zeozertan laguntza behar baduzu sakatu hemen
Animoa ba!
Post a Comment