Sarean gora eta sarean behera hiru gauzatxu topatu ditut aitatzeko modukoak:
- Txelis Leioako Mastitxu Udal euskaltegiko irakasleak bloga zabaldu du, Zertzeladak. Atalen banaketa interesgarria egin du, irakasleentzako kontuak, ikasleentzak, informatika, idazleak. Esparru zabala. Poztu egin naiz ikusita. Hemen ere ezagutu dugu Txelis eta zer esan? Aurrera eta animo. Gero eta gehiago gara eta.
- Argia aldizkariak hemendik aurrera elkarrizketako zati batzuk audio formatoan ere sareratuko ditu. Sustatun irakurri dut albistea, eta halaxe da, hemen daukazue lehenengo lagina. Entzungaiak topatzea errazago jarri digute, eta euskara ikasten dabiltzanentzat ere laguntza ikaragarria da nire ustez irakurtzen dutena entzutea. Euskaraz irakurtzen trebatzeko ahozko euskarriekin lan egitea idatzizko testuaren egitura morfosintaktikoa antzemateko eta testuari interpretazioa emateko prozesuak lantzeko bide eragingarria da. Saiatuko naiz karrajua.org-en zeozer garatzen.
- Irakasbil . Gaur konturatu naiz www.ikasbil.net-ekin batera www.irakasbil.net helbidea ere badagoela. Batetik nahiz bestetik sartuta leku berera goaz. Dena dela zergatik domeinu biak? HABE irakasleontzako beste baliabide bat atontzen ote dabil? Ez dut horren gaineko informaziorik topatu. Baten batek zerbait badaki horretaz? HABEtik inork irakurtzen du blog hau eta eman ahal dizkigu pista gehiago?
No comments:
Post a Comment