Xabier Mendigurenen blogean hau irakurri dugu gaur Koldo Izagirreren azkenengo liburuaren gainean.
Denok? Ulertzekoa da errazera jarritako irakurleak bestelakoak nahi izatea; liburua euskalduntzeko tresnatzat hartzearen poderioz literaturako zikiraturik geratu den irakaslea kexatzea; materiala euskaltegietan sartu nahi duen editoreak narrazio domestikoa hobestea. Oraindik ere badira, hala ere, eta zorionez, literatura plazer eta ezagupen iturritzat hartzen duten irakurleak. Zailduak. Konplizeak. Horiek guztiek zain dituzte “Sua nahi”ko solidaritate eta elkartasun istorioak, beren pertsonaia ameslari berritsu eta galtzaile etsigaitzak.Liburua irakurtzen nabil, eta arrazoirik ez diot Xabierri kenduko. Konplexua baina irakurtzeko ahalegina eginda potentea. Hori bai, nire ikasle bati ez nioke irakurtzea beste barik gomendatuko. Lastima apur bat ematen dit hala ere nik liburua euskaraz irakurtzen hartu ditudan sentsazioak ikaslearekin zuzenean konpartitu ezin izateak. Antzerako gauza gertatu zitzaidan Bertso-txapelketaren inguruan, nik gozatu ditudan bertsoak gozatu nahi lituzkeen ikasle horiek gozatu ezina. Eta horrek ekarri ahal dien frustrazioa.
Hizkuntza baten goi-mailako adierazpenak (literatura eta bertsolaritza gure kasuan) hizkuntza (eta hizkuntza hori erabiltzen duen komunidadearen) horren ezarpen mekanismoak dira, eta berauek prestigioa irabazi ahala logikoa izango litzateke ailegatu berriak ere horiek jaso nahi izatea. Baina horiek prestigiatzearekin batera ailegatu berri horrengan ezin ailegatuaren sentsazioa zabaltzen badute frustazio-antzeko zerbait ere sortu daiteke.
Mahatserriko irakurlearen tartea aipatu digu Xabierrek (eskerrik asko bide batez). Irakurleren tartean hilean-hilean idazle bat etortzen zaigu (Xabier bera ere izan genuen berton gonbidatu, eta kantari ere bai), hirugarren urtea dugu hau eta idazle askok ekarri digute liburua. Xabierrek dioenarekin bat, baina literaturaren bidez hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko motibazioa altxatu dezaketen obrak ere badaude, ikasleei gomendatzeko modukoak. Horrela boteprontoan bizpahiru: Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da, Karmele Jaioren Hamabost zauri, edo Fernando Morilloren Gloria Mundi. Gehiago ere badira, ez dut uste hala ere hauek euskaltegi ikasleagan pentsatzen egin direnik, literatura lan duinak dira, erraz irakurtzekoak eta erakargarriak.
Beste kontu bat izan liteke, euskara irakasleok literaturari zer trataera ematen diogun. Liburu osoak irakurtzeko esaten diegu ikasleei? Zelan lantzen dugu literatura? Liburua irakurtzera mugatzen dugu lanketa? Ikasleak literaturarekin gozatzea jartzen dugu helburuen artean? Obra eta egilea kontestualizatzen ditugu? Literatura klaseak eman behar ditugu? Forma baino ez dugu lantzen (hiztegia adibidez)? Nik neuk honelako zalantzak eduki ditut sarri klasea eta literaturaren inguruan.
Hor daude galderak. Dena dela, gauzatxo bi esan barik ez nuke amaitu nahi. Bat, idazleari entzuteak gehienetan liburua gehiago gozatzen laguntzen du, eta bi, Koldo Izagirreren liburua ikasleei ez baina irakurzaleei gomendatzen diet.
1 comment:
Portzierto ipuinetako baten (orain ez daukat liburua hemen eta ez dut gogoraten) glotodidaktika egiten dabil protagonista. Euskara irakasleon agerpen literarioen antologia egiten hasi beharko dugu.
Post a Comment