Ikasbil zer den eta zertako den azaltzen duten mezuak zabaldu dituze gaur HABEtik. Nik Sustatun eta Erabili.com-en irakurri ditut.
Durangoko azokan egin ei zen aurkezpen ofiziala, zarata handi barik egin ere, askok gerotxoago eta txiripaz izan dugu honen berri. Bi hilabete hauek probak eta egokitzapenak egiten ibili direla dirudi, eta pistoletazo ofiziala eman diote antza denez.
Aurrekoetan ere jardun dut hemen ikasbil dela eta ez dela. Ez dut oraingo honetan ere alde handirik, baina oraingoan azalpena behintzat badaukagu. Zer eta zertako da ikasbil?
Lehenengo definizioa argia da:
Euskara ikasleentzat www.ikasbil.net ikas-baliabideen bilgunea jarri du amaraunean Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako (HABE) erakundeak: 3.352 idazki, 2.382 entzungai, 1.988 bideo-pasarte eta 263 ariketa. Daudenez gain, etengabe sartuko dituzte eduki didaktiko gehiago.Euskara ikasleentzako plataforma da orduan. Alde horretatik euskara ikasten eta hobetzen hainbati lagundu ahal badie ederto baten. Honen moduko baliabide zentro bat ez dago inondik ere soberan.
Irakasleoi dagokigunez, berriz, dokumentu biltegiaren antzeko zerbait daukagu hemen ere, eta material batzuk ere bai, dena dela, aurreko baten ohartarazi genuen modura hemengo gauza asko ordenagailuan egiteko pentsatuta daude, beraz klase presentzialetara egokitzen ez dira errazak.
Euskaltegien inguruko albistegia ere jarri digute. Ondo, orain arte horrelakorik ez dugu ezer izan eta. Hemen baten batek aipatu zuen aspaldian halako zerbaiten beharra. RSS edo antzeko zerbait eskertuko litzateke.
Edozelan ere, irakasleok oraingoz HABEren irakaslearen gunearekin konformatu beharko dugu. Bitartean gure arteko komunikazioa, ekarpenak, eztabaidak-eta honen moduko blogen bidez egin beharko dugu ;-). HABE horrelako zerbaitetan ez badabil behintzat, ze, lehengo egunean kide batzuen artean sentsazio berdintsua sumatu genuen: HABEren egitasmo berriak egun batetik bestera agertzen dira, izkutupean-edo garatzen dira, eta derrenpentean han agertzen dira eta dantzan ipintzen gaituzte erreakzionatzeko astia ere eman barik. 4. maila ipini genuen adibide, egun batetik bestera, hiru hilabeteko epean orain arte inork egin ez duen gauza bat eta haren berri izan ez duena martxan ipini.
Ez dakit ba, baina zerbait egingo badugu, HABE eta euskaltegien artean komunikazio, kooperazio eta gardentasun gehiago behar da. Egia da euskaltegien partetik gauza asko ez ditugula entusiasmo handiarekin hartzen, baina sekretismo horrek ere ez dauka funts handirik.
HABE erakunde publikoa da (bide batez, zergatik orduan .org domeinua www.habe.org-en?) eta zer egin duen ezezik, zertan ari den ere jakiteko eta bertan ekarpenak egiteko eskubidea (eta beharra ere esango nuke) daukagula uste dut.
Tira ba, ez da nire asmoa egurra ematea hala ere, zorionak ikasbil-engatik eta oxala egitasmo berriren bat baletor, baina ez derrepentean mesedez.
No comments:
Post a Comment