Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2006/04/20

Karrajutik karrajura: hemendik aurrera karrajua.org-en

Azkenotan ez bata ez bestea nabil. karrajua.org-ekin hasin nintzenetik denbora kendu dit hark, gehien bat kontu teknikoetan murgilduta ibili naiz eta blog honi kasu handirik ez.

Tira ba, karrajua.org martxan dabil eta duplikazioa ebitatzearren bateko eta plataforma berriak eskaintzen dituen aukerak hobeto erabiltzearren blog hau haren partea izango da hemendik aurrera. Beraz, blog honetako nanoaudientzakide guztiok hemen daukazu helbide berria: http://karrajua.org/blog.

Blogger-eko hau artxibo modura utziko dut hemen. Dena dela badaezpadanposiakaso kopia egin dut wordpress-ekin beste helbide honetan : http://blogak.karrajua.org/wp.

Eskerrik asko blogger zerbitzuari, eta besteoi eskerrak barik kantuak esaten duen modura: "Eskribitu gura badaustazu badakizu nun nagoan,..".

Laster baten dena dela beste abentura blogistiko baten sartuko naiz. Edukiko duzue horren berri.

Entzuten: Asier Serrano, "Ardo eta (l)arrosa egunak"

2006/03/21

Teknoenredatzen: Elgg


E-learning eta sarean ikasteko baliabideen inguruan nabilela Elgg software-aren berri jaso dut. Albistea drupaled -en izan dut. Berton e-learning ingurunen baten egitura gomendatzen duen artikulu honetan Drupal, Moodle eta Elgg-ek osatutako sistema azaltzen da. Lehenengo biak ezagunak ditut dagoeneko, eta erabilita ere bai, elgg-en berri orain arte gutxi, Moodle-en foroetan aipuren bat edo gainetik irakurri besterik ez (Moodle-ekiko integrazioa serio lantzen dabiltzala dirudi).
Jakinminaren jakinminaz saltseatzen hasi naiz. Elgg hau web 2.0 eta agertu den kontzeptu berri baten adierazpidea omen da, e-learning 2.0. Tira ba! Ikusi egin behark da. Erabiltzeko aukera bi daude, kodea jaitsi eta zeure zerbitzarian instalatu (lokalean eta karrajuaren hosting-ean probatu dut eta ez dut ganorazko instalaziorik lortu, baina ahaleginean jarraituko du alajaina!), edo sortu duten komunitate birtualean izena eman eta probatu. Bigarren aukera hau ere probatu dut, eta egia esanda funtzionalitate gehienak han dauzkagu. Zeintzuk dira funtzionalitateok?
  • Blog pertsonala
  • Baliabideentzako karpetak
  • RSS irakurle moduko zerbait.
  • Inportateena nire ustez: interesen inguruan komunitateak eta taldeak osatzeko aukera. Norbera batu daiteke komunitatetara edo sortu. Komunitate hauek ere balibide batzuk dituzte: blog kolektiboak, fitxategiak,...
  • Etiketa sistema (freetagging edo)
  • Bestelako baliabideekin integrazioa: wikiak, ..
Kontzeptuetan gehien gustatu zaidana komunitateak eta taldeak osatzeko aukera da. Beharbada hori izan daiteke une honetan erakargarriena. Hainbat gauzatarako baliagarria izan daitekeen kontzeptua, sare sozialarena. Boteprontoan hizkuntzaren erabileraren inguruan aipatzen den kontzeptua dela uste dut, harreman-sarea, sare soziala,..
Inglelesez erreferentzia asko daude, ez ditut hemen denak jarriko, Google edo technorati n elgg ipini eta hainbat gauza topatuko dituzue. Bestela Elgg-en webgunean ere wiki bat daukazue.
Bitartean, Kataluniako gune honi kukutxu bat egitetik hasi daiteke. Edo elgg komunitatean kontua zabaldu, hemen dago nire bloga adibidez.
Web 2.0 honek ematen duen beste aukera bat, eta ikuspegi berria ere bai, seguruenik.

2006/03/17

Sareko berriak



Sarean gora eta sarean behera hiru gauzatxu topatu ditut aitatzeko modukoak:
  • Txelis Leioako Mastitxu Udal euskaltegiko irakasleak bloga zabaldu du, Zertzeladak. Atalen banaketa interesgarria egin du, irakasleentzako kontuak, ikasleentzak, informatika, idazleak. Esparru zabala. Poztu egin naiz ikusita. Hemen ere ezagutu dugu Txelis eta zer esan? Aurrera eta animo. Gero eta gehiago gara eta.
  • Argia aldizkariak hemendik aurrera elkarrizketako zati batzuk audio formatoan ere sareratuko ditu. Sustatun irakurri dut albistea, eta halaxe da, hemen daukazue lehenengo lagina. Entzungaiak topatzea errazago jarri digute, eta euskara ikasten dabiltzanentzat ere laguntza ikaragarria da nire ustez irakurtzen dutena entzutea. Euskaraz irakurtzen trebatzeko ahozko euskarriekin lan egitea idatzizko testuaren egitura morfosintaktikoa antzemateko eta testuari interpretazioa emateko prozesuak lantzeko bide eragingarria da. Saiatuko naiz karrajua.org-en zeozer garatzen.
  • Irakasbil . Gaur konturatu naiz www.ikasbil.net-ekin batera www.irakasbil.net helbidea ere badagoela. Batetik nahiz bestetik sartuta leku berera goaz. Dena dela zergatik domeinu biak? HABE irakasleontzako beste baliabide bat atontzen ote dabil? Ez dut horren gaineko informaziorik topatu. Baten batek zerbait badaki horretaz? HABEtik inork irakurtzen du blog hau eta eman ahal dizkigu pista gehiago?

2006/03/07

Free


Karrajua.org atontzen nabilela pentsatu dut irakasleentzako baliabideak eskaintzen dituzten webguneen esteka-zerrenda osatzea. Hemen dago. Diseinuan hobeto findu behar dut kontua eta esteka gehiago bilatu, baina abian da kontua.


Egundo ez naiz izan gauzak topatzen abila, baina handik eta hemendik begituta gauzatxo batzuk aurkitu ditut eta sartzea erabaki dut. Gainea karrajua.org webgune irekia egiteko asmoa daukadanez, gutxieneko azpiegitura behintzat montatu dut, gerora norbaitek gauzak sartzen lagungu nahi badu-edo.

Dena dela, berriro esango dut, ez naiz batere abila gauzak bilatzen eta letra-zopak egiten -zerrenda hau egiten asko lagundu didate IKTeroen eta Barakaldoko Zibergelakoen esteka-zerrendek gainera, eskerrik asko- baina helduen euskalduntze-alfabetatzean gabiltzenok ez dugu sarean gauza asko konpartitzen. HABEren teknikariek Ikasbil edo HABEren webgunearen beraren bidez gauza asko zabaltzen dituzte, baina lanean dabiltzan 2.000 irakasletik gorako horiek ez ote daukate ezer zabaltzeko? Salbuepenen bat dago, baina orohar gutxi. Eskola munduak gehiago zabaltzen ditu gauzak guk baino. Nik lan egiten dudan erakundeak ere ezer gutxi zabaltzen du bere intraneteko mugetatik hara.

Top-manta eta software librearen sasoian zer pentsatua ematen dit honek guztiak. Gurean pentsatzen jarraitzen ote dugu norberaren ideiak-materialak-esperientziak norberaren ondarea direla eta norberak baino ezin dituela manejatu? Gure materialak, ideiak, esperientziak,... egun baten liburu baten batu, argitaratu eta haren salmentarekin aberastu edo sikieran gure euskaltegien zenbakiak berdinduko ditugula uste dugu? Aditu batzuek baino ezin dute zabaldu euskara ikasteko teknikak, materialak eta ideien bilduma? Guk ez daukagu elkarri ezer aportatzeko? Hain gutxik daukate besteekin konpartitzeko gogorik? Inork berak eginekoa besteekin hobetzeko grinarik? Gure euskaltegien eta sareen korporatibismoa hainbesteraino heldu ote da? Espioitza industrialaren beldur ote?

Euskal Herriko biztanleria euskaraz eroso, erraz eta ondo egiteko trebatzea dugu helburu denok. Ez dut uste askok honekin aberasteko asmorik daukatenik, eta egunero eskola-ordu pila bat eginda esperientzia eta ezagutza metatu beharko genuke ezinbestean, eta hori guztia konpartitzeko bideak aurkitu eta erabiltzen baditugu helburu hori (inoiz erdietsiko dugula sinesten badugu) hurreago edukiko genuke. Ezpabere milaka gerrilari isolatu gara, armada indartsua barik.

Adibide bat emango dut. Karrajua.org Drupal software-arekin nabil atontzen. Ez naiz informatikaria edo programatzailea. Drupal hori gainera ez ei da software erraza manejatzen, baina drupaleroen komuninateak ohitura ona dauka (software librearen munduan dabiltzan horrelako komunitate guztien antzera), norberak egiten duena norberarentzat gorde barik, zabaldu egiten du eta denon eskura ipintzen du (moduluak, arazoen konponketa, kode-zatiak,..) eta nire moduko hasiberriok dauzkagun arazoen aurrean gure aurretik ibili direnek kontatzen dutena baino ez dugu egin behar sarritan, beste batzuetan, berriz, haiek emandako pistei jarraitu, eta gutxitan aurrekoek egindakoaren gainean burua kantsatu eta konponbidea aurkitu. Mundu horretan jan-txakurrak ere egongo dira duda barik, baina nik neuk une honetan haiei zerbait aportatu ezinaren pena daukat batez ere, eta haien kemena norberak ere hartzen du.

Ez dakit ba, informatikaren mundua pistak ematen dabilzkigulakoan nago. Free software edo txiringitoa guztion artean eraiki.

2006/03/03

Barnetegi urbanoa

Berbalagunarekin nator atzera. Aspaldi aitatu barik ba! Atzo berbalagun berriak etorri zitzaizkigun, neska bi, eta aurkezpenak eginda barnetegien kontua agertu zen (euskara ikasleen artean logikoa, ezta?), Berbalagun gehienok (ikasle nahiz irakasle) barnetegian ibilitakoak gara. Badakizue, barnetegiko batallitak, parrandak, ligeak,... Irribarrez kontatu ziren gauza gehienak, oroitzapen gozoa nonbait. Bistan da barnetegiak eragin ona izan duela ikasle hauen euskararekiko pertzepzioan eta jarreran,... Berbalagunan apuntatzearen kulpa apur bat ere izan du seguruenik.Nik azkenengo barnetegia duela 10 urte egin nuen. Barnetegian irakasle ibiltzea gogorra da, hori geratu zait gogoan duda barik, fisikoki gogorra eta burua ere nekatuta. Hala ere, neuri ere akorduarekin irriparrea loratzen zait, ez daukat barnetegiekin oroitzapen txarrik batere, ez ba!Kontua da atzoko parrapladen ostean, etxerantz, barnetegian ibiltzearen antzeko sentsazioa igarri nuela. Ez lekuagatik noski (Santutxu erdiko taberna inguruek ez daukate Barnetegi-herrien halako xarma bukolikorik, ez) Baina berbalagunen solasaldiak eta jarrerek barnetegiko ikasle-irakasle koadrilen giroa ekarri zidaten gogora une baten. Eta azken baten barnetegian ikasleak apreziatzen duen hori guztia gertatzen ari zen han ere: solasaldi informala, lagun arteko giroa, konfidantza eta ikasleen arteko konplizitatea (Kuriosoa da, baina barnetegiko batalliten artean inork ez zuen klase orduetan geratutako ezer kontatu). Barnetegien birtuteei buruz asko esan da:euskara ikasteko prozesuan sakada handia izaten dela, motibazio-iturria, ikasteko denboraren trinkotasuna,.. Egia izango da hori guztia. Argi dago euskara ikasle askok praktika horretan mintza-jarioa ez ezik, beste zerbait ere nahi dutela. Barnetegiak ematen diena, eta, atzo barruntatu nuenagatik, Berbalagunak ere eman diezaiekena. Barnetegiak akatsik balekuka, denboaren trinikotasuna izan liteke, hamabost eguneko epea, intentsoa baina laburra, eta hizkuntza erabiltzen trebatzeak lan jarraiagoa eta sarriagokoa eskatzen du, trinkotasunaren kaltean bada ere.Nire berbalagun guztiak euskaltegian dabiltza ikasten, Berbalaguna haientzat barnetegiko klasetik kanpoko jardueren antzeko zerbait izan daitekeela uste dut. Klasea+mintzapraktika. Hau ez da halako barnetegi urbanoa?

2006/03/01

Karrajua.org martxan



Oraindinokarren ez dago biribilduta inondik ere, baina gunea zabaltzea erabaki dut. Gauza asko findu behar dira, hala ere, nahiago dut eraikitze prozesua konpartitzea. Webgunean bertan bloga atondu dut martxaren berri emateko.
Kontu esperimentala da aurrekoan esan nuen legez. Hemendik hasi naiz:
  • Webgunea atontzearen prozesua kontatzen duen bloga.
  • Foro batzuk prestatu ditut. Euskalduntzearen inguruko hiru gai: didaktika, euskaltegien mundua eta klaseko kontuak. Foro hauetan parte hartzea irekita utzi dut. Spammer-ak eta trollak enteratzen badira adios. Baina ez diezue esango ezta?
  • Klaserako ideiak atal bat zabaldu dut, berton del.icio.us-etik ateratzen ditudan esteken gainean zein beste psikolasto batzuen inguruan irakasleentzako ideiak lantzea da kontua. Dokumentu kolaboratiboak sortzea eta osatzea nahi nuke eta honi eman nahi diot arreta handiena.
  • Jario batzuen jarraipena egiteko aukera. Blog hau edo del.icio.us klaserako.
Gunean aukera dago erabiltzaile erregistratu modura sartzeko. Erabiltzaile erregistratuek aukera edukiko lukete euren bloga egiteko adibidez, edo klaserako ideiak sortu eta editatzeko. Hain zuzen ere orain interesatuko litzaidakeen beste kontu bat euskaltegien munduko blog kolektibo bat egitea izan daiteke.
Bestalde, zer esanik ez dago, norbaitek esperimentu honetan lagundu nahi badu edo ideiaren bat badauka ateak zabalik dauzkala. Nirekin harremanetan jarri nahi baduzue, oraingoz e-postaz egin dezakezue (karrajua-abildua-karrajua-puntua-org, oraindik ez dut instalatu harremanetarako formularioa).
Blog honekin hemen jarraituko dut momentuz, besteak denbora guztia kentzen ez badit behintzat.



2006/02/22

Domeinua erosi dut.

Horixe ba, karrajua domeinu bihurtu dut: http://karrajua.org/. Hosting txikitxu bat ere hartu dut eta hosting hori aprobetxatu nahi dut esperimentu batzuk egiteko. Ideia batzuk dauzkat daborduko, batzuk hemen plazaratu ditut (hau, edo hau) lehenagoko baten.
  • Del.icio.us klaserako esperimentua osatu. Kontua izango litzateke internet-en agertzen diren halako testuekin ikas-jarduerak antolatzeko era bat antolatzea. Pentsatzen nago bookmarklet antzeko zerbait atontzea. Link-a hartu eta haren gainean zerbait prestatzeko eta konpartitzeko gunea eskaini. Wiki antzeko zerbait. Kolaborazioan egiteko moduko zeozer. Schtuff-en egiten hasi naizenaren ildokoa.
  • Helduen euskalduntzearen inguruko foroa edo foro-sistema. Blogen asuntu hau ondo dago, baina jende guztiak ez du bloga egingo eta foroaren formatoa berreskuratu beharko litzateke nire ustez. Edonork bota eta erantzun dezan. Hau gustatu zait eta ez da zaila montatzen. Foroetako gaiak edo antolaketarako ideiarik?
  • Bloga hara mugitzeko dudan nabil (managerra ofertak estudiatzen daukat je, je, je,...). Dena dela pentsatzen nabil blog komunitate txikitxu bat osatzea interesa eduki dezakeen jendeari eskaintzeko. Euskara irakasleen blog komunitatea alegia. Boluntariorik balego ni pozik.
  • Fitxategiak eta multimedia artxiboak igotzea ere pentsatu dut, baina hosting-ak hainbesterako emango ote duen nago, 200 mb dauzkat baina hilean 2 gb-eko transferentzia tasa besterik ez. Ez dakit, gainera ez daukat gauza askorik jartzeko.
  • Ikastaro birtualen bat egin. Aztertzekoa da, baina une honetan ez daukat ezer karteran, ideiaren bat okurritzen bazait ikusiko dut
Ideiak dira, momentuz klaserako kontuekin hasiko naiz. Dena dela, baten batek ideiaren bat badauka, gustura entzungo nuke. Esperimentatzeko asmoa daukat gehien bat, beraz bota. Eta jakina, norbaitek kolaboratu nahi badu, enkataodelabida.
Gunea montatzeko drupal aukeratu dut. Aurreko baten kontatu nuen modura zerbitzari lokalean ibili naiz probak egiten CMS batzuekin eta gehien gustatu zaidana izan da. Ez dakit hala ere baliabide gehiegi behar ote duen, laguntza teknikoa ere eskertuko nuke. Zerbitzariak ez badit arazorik ematen horrekin jarraituko dut.
Momentuz instalazioa egin dut eta txantiloia atontzen nabil. Ez daukat ezer erakusteko moduan, gauzak sartu ahala hemen kontatuko dut.
Badakizue, galdera: Zer egin dezake euskaltegien munduko txalao batek Drupal instalatuta daukan zerbitzari batekin? Tira, azpidomeinu pare bat ere badauzkat, eta eposta: karrajua-abildua-karrajua-puntua-org, akordatzeko erraza e?
Hasteko hemen daukazue lehenengo lagintxu bat:

Prestatzen nabilen txantiloia (CSSarekin oraindino ez naiz abil-abila), eta hiru jario (sustatu, blog hau eta del.icio.us klaserako itemak):

2006/02/20

Ikusi eta ikasi (berbetan)

Gaur Patxitrapero aren kontua rekin konturatu naiz azkenengo post guztiak blogak, internet eta teknologiaren inguruan bota ditudala. Bide batez, iruzkinengatik badirudi euskaltegien munduko jende gehiago dabilela ziberestratosferan. Dena dela, gurera bueltatzeko kontu pare bat eduki dut gogoan eta gaur martxa hartuta aprobetxatuko dut, bestela tekonologiaz autoelikatzen gabiltzala dirudi.

Berbalagunera bueltatuko naiz hain zuzen. Lehengo egunean taldekoekin nabilela, konturatu nintzen zelako jokaera desberdinak dauzkaten elkarrizketa planteatzeko orduan. Batzuek berba egiten dute dakiten modura, zerbait esaten asmatzen ez dutenean bizpahiru buelta eman eta han botatzen dute. Beste batzuek berriz, ondo-ondo pentsatzen dute dena, astiro egiten dute berba, pentsatzeko prozesua berbalizatu ere egiten dute, buruan darabiltena esan, erdaraz lehenengo, euskaraz hasten dira apurka-apurka botatzen, eta azkenean bota egiten dute, baina sarritan niregana begira jarri eta -berbaz edo keinuaz- galdera magikoa: "Zelan esaten da.....?". Badakite irakaslea naizela, eta nik halakoen aurrean sarri (broman gero!) "Ez nabil lanean" erantzuten diet. Ez dago aparteko ezer, ikas-estiloak, ikas-estrategiez eta sano egin da berba azkenengo urteotan. Norberak bere ikasteko era ei dauka eta. Konforme.

Hala ere, norberaren ikas-estilo hori norberaren joera eta trebeziatik baino askotan eskola-euskaltegian sustatu ditugun bideetatik ez ote datorren nago. Lehengo egunean erreparatu nion kontu batetik etorri zait gogoeta hain zuzen ere.

Ez dut zehazki gogoratzen zein zen kontua eta zertaz genbiltzan berbetan. Kontua zen nik neuk zerbait bota nuela, eta berton erabili nuen halako egitura "madarikatu" bat (lehen aldiko baldintza uste dut), gogoratzen dut hala ere, ondo erremarkatu nuela esan nuena eta esateko modua (deformazio profesionala-edo), ulertzen kostatuko zitzaielakoan. Kontestu komunikatibo baten sartuta geunden, hau da, esan nuena ez zen klaseko adibide lerdoa izan, berton esan beharreko zerbait baino. Taldekideetako batek hartu zuen hurrengo berba-txanda. Eta nik esan nuenaren antzeko zerbait esaten joan zen, esaten hasi eta "Zelan esaten da....?"... Oraintxe berdin-berdina esan dut bata! (neure artean), eta ulertu egin didate. Zer pasatu da hemen ba?

Hizkuntza berriaren egitura ezagutu eta menperatzeko behaketaren garrantzia azpimarratu da azken urteotan, kontzientzia linguistikoa eta enparauak. Modernidadeak dira batzuentzat, baina momentu hartan konturatu nintzen ni neu ere ikasten nenbilela (eta gaur egun ere ikasten nabilenean, ondorio horretara heldu naiz eta, gure hizkuntza etengabe gabiltza eraldatzen), adi-adi ibiltzen nintzen "euskaldunek" zer-zelan esaten zuten, eta nire hizkuntzara ekartzen nituen halako asko, kontziente edo inkontziente.

Gaur eguneko ikasle askok ez ote daukate buruan hizkuntza norbaitek ematen dizkien arau eta elementuekin eurek bakarrik batu behar duten puzzlea dela? Berbalagunaren aukera horrela ondo aprobetxatzen dute? Berbalaguntzaileak ez gara irakasleak, praktikatu gura duenari hizkuntzaren lagina ematen dioten hiztunak baino, berak behatu eta aztertu dezan, bere hizkuntzaren corpusa eta jarioa osatzen joan dadin, eta, ikas-prozesuan zehar hartutako ohiturengatik, edo darabiltzan konbikzioengatik hizkuntz-epaile baten aurrean dagoela pentsatzen badu, aukera ona galtzen da.

Beharbada, ikasleei hizkuntzaren misterioak "erakutsi" ez ezik, hizkuntza bera ere gehiago erakutsi beharko genieke, eta eurei gehiago pentsatzen utzi. Badakit eztabaida teoriko hau ez dela atzo goizekoa, baina praktikak teoria horretatik urrun gaudela dio nire ustez.



Teknopagotxak

Patxi Trapero blogosferako figura euskaltegiekin eta euskaldun berriekin akordatu zaigu gaurkoan. Ezin aipatu gabe utzi halako aipamena. Proposamen batekin datorkigu gainera, sareko mintzalaguna.
Ez da lehenengo aldia horretaz berba egiten dena, sarea euskara praktikatzeko erabiltzea, baina egia esanda ezer gutxi egin da horretaz. Durangoko jardunaldian Santurtziko Udal Euskaltegikoek sareko esperientzia baten berri eman ziguten, ez ezer gutxi gehiago nik dakidala. Eta Patxi Traperok apuntatzen duenez, halako tresnak egon badaude, eta uste dugun baino eskuragarriago eta errazagoak dira erabiltzen.
Dena dela, hain gutxitan egin denean seguruenik teknofobiaz gain beste faktore batzuk ere egongo dira:
  • Baliabide teknikoek komunikazio erosoa permititzen dute gaurkoan? Duela urte batzuk bideokonferentziak izan behar zuen kristona. Gaur egun berriz ez du espero zen arrakastarik izan. Konexio ona eta baliabide potenteak behar dira bat-bateko ikusentzuneko elkarrizketa ganorazko kondizioetan egiteko. Jende gehienak gaur egun ere ez dauka halako baliabideak erabiltzeko modurik edo trebeziarik.
  • Euskara praktikatzeko aukera norberaren inguruan bertan topa daiteke ondo antolatuz gero, bestela herri txikia gara eta aparteko distantziarik ez da egin behar izaten. Aukeran aurrez aurrekoa nahi izaten da. Teknologiaren bidezko komunikazio era hauek guztiak ezinbesteko kasuetarako uzten dira, eta hainbesteko ezinbestekoak gutxi izaten dira. Bestela, telefonoa ere hor dugu aspaldian eta erabilera gutxi eman zaio.
Teknologia berriek aukera piloa eman ahal dizkigute, baina aplikatzea ez da ordenagailuko pantailan dirudien bezain polita eta erraza izaten.
Edonola ere, Patxiren erronka hartzeko prest. Berarekin batera bi izango gara.

2006/02/16

Ikasbil iragarri dute

Ikasbil zer den eta zertako den azaltzen duten mezuak zabaldu dituze gaur HABEtik. Nik Sustatun eta Erabili.com-en irakurri ditut.

Durangoko azokan egin ei zen aurkezpen ofiziala, zarata handi barik egin ere, askok gerotxoago eta txiripaz izan dugu honen berri. Bi hilabete hauek probak eta egokitzapenak egiten ibili direla dirudi, eta pistoletazo ofiziala eman diote antza denez.
Aurrekoetan ere jardun dut hemen ikasbil dela eta ez dela. Ez dut oraingo honetan ere alde handirik, baina oraingoan azalpena behintzat badaukagu. Zer eta zertako da ikasbil?
Lehenengo definizioa argia da:
Euskara ikasleentzat www.ikasbil.net ikas-baliabideen bilgunea jarri du amaraunean Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako (HABE) erakundeak: 3.352 idazki, 2.382 entzungai, 1.988 bideo-pasarte eta 263 ariketa. Daudenez gain, etengabe sartuko dituzte eduki didaktiko gehiago.
Euskara ikasleentzako plataforma da orduan. Alde horretatik euskara ikasten eta hobetzen hainbati lagundu ahal badie ederto baten. Honen moduko baliabide zentro bat ez dago inondik ere soberan.
Irakasleoi dagokigunez, berriz, dokumentu biltegiaren antzeko zerbait daukagu hemen ere, eta material batzuk ere bai, dena dela, aurreko baten ohartarazi genuen modura hemengo gauza asko ordenagailuan egiteko pentsatuta daude, beraz klase presentzialetara egokitzen ez dira errazak.
Euskaltegien inguruko albistegia ere jarri digute. Ondo, orain arte horrelakorik ez dugu ezer izan eta. Hemen baten batek aipatu zuen aspaldian halako zerbaiten beharra. RSS edo antzeko zerbait eskertuko litzateke.
Edozelan ere, irakasleok oraingoz HABEren irakaslearen gunearekin konformatu beharko dugu. Bitartean gure arteko komunikazioa, ekarpenak, eztabaidak-eta honen moduko blogen bidez egin beharko dugu ;-). HABE horrelako zerbaitetan ez badabil behintzat, ze, lehengo egunean kide batzuen artean sentsazio berdintsua sumatu genuen: HABEren egitasmo berriak egun batetik bestera agertzen dira, izkutupean-edo garatzen dira, eta derrenpentean han agertzen dira eta dantzan ipintzen gaituzte erreakzionatzeko astia ere eman barik. 4. maila ipini genuen adibide, egun batetik bestera, hiru hilabeteko epean orain arte inork egin ez duen gauza bat eta haren berri izan ez duena martxan ipini.
Ez dakit ba, baina zerbait egingo badugu, HABE eta euskaltegien artean komunikazio, kooperazio eta gardentasun gehiago behar da. Egia da euskaltegien partetik gauza asko ez ditugula entusiasmo handiarekin hartzen, baina sekretismo horrek ere ez dauka funts handirik.
HABE erakunde publikoa da (bide batez, zergatik orduan .org domeinua www.habe.org-en?) eta zer egin duen ezezik, zertan ari den ere jakiteko eta bertan ekarpenak egiteko eskubidea (eta beharra ere esango nuke) daukagula uste dut.
Tira ba, ez da nire asmoa egurra ematea hala ere, zorionak ikasbil-engatik eta oxala egitasmo berriren bat baletor, baina ez derrepentean mesedez.

2006/02/08

Ikasbitakorak debalde

Euskaltegiblogak, mintzalagunblogak,... Hezkuntzaren munduan gu baino lehenago hasi dira bitakoren mundu honetan. IKTeroak ezagunak ditugu aspaldi, eta gaur adibidez blog pare bat topatu ditut: Ortuella BHI eta Getxoko Julio Baroja BHIrena. Azken institutu honetan irakasle eta ikasgela batzuen bitakorak ere sortzen eta erabiltzen dabiltza.
Ideiak eman ahal dizkigute hauek guztiek, eta berton ez badituzue aurkitzen, ematen dituzten estekei jarraituta gauzak topatzen dira.
Gauzatxu baten fijatu naiz hala ere, azken egunotan hemendik desfilatu diren blog ia guztiak zerbitzua doan ematen duten plataformetan daude (blogak.com, blogger, blogia, La Coctelera, Blogsome, ...). Ez dut uste eztabaidatzeko kontua denik, baina deigarria egin zait zelan blogak egiten dituztenen artean eskolak, euskaltegiak edo hezkuntza erakundeak ditugun. Eta hauetariko askoren atzetik erakunde publikoak (institutuak, udal euskaltegiak,..), edo erakunde sendoak (AEK, euskara elkarteak,...) daude, euren webguneak, zerbitzariak eta baliabide eta azpiegitura informatikoa dauzkatenak.
Ez naiz aditu-aditua, baina bloga edo blog komunitate txikiak antolatzeko software-a eta baliabide teknikoak ez dut uste erakunde hauentzako batere eskuraezinak direnik, alderantziz, nahikoa erraza delakoan nago. Internet-en dauzkagun debaldeko zerbitzuei ere ez diet meriturik kenduko, alderantziz, itzelezko ideiak eta aukerak ari dira zabaltzen, gehien baten honen moduko enredante indibidualontzat, baina eskola, institutu edo euskaltegi publiko baten blog "ofizialean" publizitatea ikustea bitxia behintzat bada.

2006/02/03

Beste euskaltegiblog bat

Pirioniotik animatu dira Garraldako AEK-ko Ana eta Nagore beste blog bat egiten. Berton iragartzen ibili zaizkigu eta hemen dago. Blogarekin ezezik, Schtuff-ekin ere animatu dira gainera. Blogak.com zerbitzu berria erabiltzen ausartu direnen artean hauek ere bai. Hasi baino ez dira egin, baina aipatzea merezi dute. Lankideak izanda gehiago.
Aupa ba! Pirinio partean euskara irakasten zabiltzatenokin bizipenak konpartitzea interesgarria izango da bat baino gehiagorentzat.

2006/01/28

Mintzalagunblogak


Aurreko baten euskaltegiblogen lehenengo ernamuinen berri ematen saiatu nintzen. Aste honetan blogean jarduten dudan beste kontu baten inguruko blogak ere ikusi ditut martxan. Mintza-berba-solas-barriketa-parraplada lagunak hain zuzen.
Bi topatu ditut orain arte:
Hauez gain, bestelako hau ere badabil, blog-bloga ez da, baina euskararen erabilera eta praktika sustatzen duen Muskizko Ostabe egitasmoak webgune dotorea dauka.
Bastante berriak biak, Arrastekoa aste honetan berton hasita. Lehenengo kolpe baten biek egitasmoko jardueren eta ekitaldien berri ematen dute gehien bat, agenda antzeko zerbait. Egizukoek nahikoa ondo aprobetxatu dituzte interneteko aukerak (blogari.net, flickr,..). Zaharberrikoek Goienaren barruan kokatu dute (logikoa bestalde).
Euskara ikastea barik, praktikatzea izaten da egitasmoon kontua. Gorantza dabiltza praktika-jarduera hauek, eta badirudi euskalduntze-prozesuak aurrera egin ahala hala izan beharko duela.
Praktika-jardueretan teknologia berriek zertan lagundu dezaketen hausnartzeko kontua da nire ustez. Argi dago komunikazio sare eta formato berriak zabaltzen dituztela, eta komunikazio horretarako euskara erabiltzen den neurrian, hizkuntza praktikatzeko aukera ere badira. Ez dakit orain zehazki nondik nora eroan daitekeen praktika bidea, baina aukera dagoela argi dago.
Momentuz agenda plazaratzeko baino ez bada ere, ondo dago hastea. Ea zer ematen duen.
Ez dakit zergatik, baina honetaz nabilela Usaiaren bloga etorri zait gogora. Hori beharbada bidetxu bat erakusten dabil.
Ez dakit ba, dena dela lehengo egunean euskaltegiblogetan dabiltzenei legez (eskerrik asko Josu, IƱigo, Ana eta Nagoreri erantzuteagatik bide batez) berbalagunblogetan dabiltzanei ere gonbitea luzatuko nieke euren asmoen eta esperientziaren berri emateko, blog honetan edo eurenean. Beste batzuk zain daude.

2006/01/27

Hizpide 60


Azken Hizpide heldu zait duela astebete. Oraindik ez dut irakurri, gainetik kukutxu bat egin. 4 artikulu dakartza:
  • Aitor Etxebarriak Hiznet-erako egin zuen ikerketa ikasle helduen motibazioaren inguruan. Udal-langileen taldea aztertu zuela dirudi. Luzetxua baina interesantea dirudi. Administrazioko ikasleekin (HAEE, IRALE, Osakidetza, Udalak...) gure lana hobeto antolatzen lagungarria izan daiteke.
  • Aukera anitzeko galderetan zoriak zer pisu duen aztertzen saiatu da Josu Perales beste baten. Josu Hizpideko fijoetako bat da, eta haren artikuluetan azterketa serioak topaten dira. Aintzat hartzekoak.
  • Aurrekoan blog-en ingurukoa atera zuten eta orain berriro internetekin datoz Natxo Guillen eta Agurne Azpitarte HABEko teknikariak. Webquest-ak eta Altxorraren bila prozeduren inguruan. Nik ez ditut asko ezagutzen , ea ideiaren bat ematen diguten.
  • Azkenengoa Santurtziko duodinamikoaren eskutik dator (porsierto, zer pasatu da irakasleon aldizkariarekin?). Abel Camacho eta Pedro Lonbide. Aspaldion dabiltza Europako Markoari bueltak ematen. Ea oraingoan zer dakarten. Adi egotekoak izaten dira hauenak, eurak ere bai. Europako markoa hor daukagu eta eskerrak baten batek lantzean behin akordarazten digula.
Esan dudanez, ez dut oraindino irakurri, datorren asteburuak aukera emango digula dirudi (euskalmet-i kasu eginez gero behintzat). Datorren astean irakurri ditudanen gaineko inpresioak ekartzen saiatuko naiz.
Dana dala HIZPIDEren gainean burutaziotxu bi amaitu aurretik. Ez daukazue sentsazioa apur bat ezezaguna dela. Euskaltegietara banatu bai, baina apaletan geratzen da. Irakurtzen da? Ezezkoan zergatik ote? Interes falta, formatoa, ...? Gure munduan ibili zen batek behin bota zuen karrajualdi baten gure sektorean ez dela bape irakurtzen. Egia ote?

2006/01/24

Xabier Mendiguren Elizegi - Hau ez duk Pagasarri


Xabier Mendiguren Elizegi - Hau ez duk Pagasarri
Xabier Mendigurenen blogean hau irakurri dugu gaur Koldo Izagirreren azkenengo liburuaren gainean.
Denok? Ulertzekoa da errazera jarritako irakurleak bestelakoak nahi izatea; liburua euskalduntzeko tresnatzat hartzearen poderioz literaturako zikiraturik geratu den irakaslea kexatzea; materiala euskaltegietan sartu nahi duen editoreak narrazio domestikoa hobestea. Oraindik ere badira, hala ere, eta zorionez, literatura plazer eta ezagupen iturritzat hartzen duten irakurleak. Zailduak. Konplizeak. Horiek guztiek zain dituzte “Sua nahi”ko solidaritate eta elkartasun istorioak, beren pertsonaia ameslari berritsu eta galtzaile etsigaitzak.
Liburua irakurtzen nabil, eta arrazoirik ez diot Xabierri kenduko. Konplexua baina irakurtzeko ahalegina eginda potentea. Hori bai, nire ikasle bati ez nioke irakurtzea beste barik gomendatuko. Lastima apur bat ematen dit hala ere nik liburua euskaraz irakurtzen hartu ditudan sentsazioak ikaslearekin zuzenean konpartitu ezin izateak. Antzerako gauza gertatu zitzaidan Bertso-txapelketaren inguruan, nik gozatu ditudan bertsoak gozatu nahi lituzkeen ikasle horiek gozatu ezina. Eta horrek ekarri ahal dien frustrazioa.
Hizkuntza baten goi-mailako adierazpenak (literatura eta bertsolaritza gure kasuan) hizkuntza (eta hizkuntza hori erabiltzen duen komunidadearen) horren ezarpen mekanismoak dira, eta berauek prestigioa irabazi ahala logikoa izango litzateke ailegatu berriak ere horiek jaso nahi izatea. Baina horiek prestigiatzearekin batera ailegatu berri horrengan ezin ailegatuaren sentsazioa zabaltzen badute frustazio-antzeko zerbait ere sortu daiteke.
Mahatserriko irakurlearen tartea aipatu digu Xabierrek (eskerrik asko bide batez). Irakurleren tartean hilean-hilean idazle bat etortzen zaigu (Xabier bera ere izan genuen berton gonbidatu, eta kantari ere bai), hirugarren urtea dugu hau eta idazle askok ekarri digute liburua. Xabierrek dioenarekin bat, baina literaturaren bidez hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko motibazioa altxatu dezaketen obrak ere badaude, ikasleei gomendatzeko modukoak. Horrela boteprontoan bizpahiru: Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da, Karmele Jaioren Hamabost zauri, edo Fernando Morilloren Gloria Mundi. Gehiago ere badira, ez dut uste hala ere hauek euskaltegi ikasleagan pentsatzen egin direnik, literatura lan duinak dira, erraz irakurtzekoak eta erakargarriak.
Beste kontu bat izan liteke, euskara irakasleok literaturari zer trataera ematen diogun. Liburu osoak irakurtzeko esaten diegu ikasleei? Zelan lantzen dugu literatura? Liburua irakurtzera mugatzen dugu lanketa? Ikasleak literaturarekin gozatzea jartzen dugu helburuen artean? Obra eta egilea kontestualizatzen ditugu? Literatura klaseak eman behar ditugu? Forma baino ez dugu lantzen (hiztegia adibidez)? Nik neuk honelako zalantzak eduki ditut sarri klasea eta literaturaren inguruan.
Hor daude galderak. Dena dela, gauzatxo bi esan barik ez nuke amaitu nahi. Bat, idazleari entzuteak gehienetan liburua gehiago gozatzen laguntzen du, eta bi, Koldo Izagirreren liburua ikasleei ez baina irakurzaleei gomendatzen diet.