Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2005/10/23

Zenbat gara?

Bloga atontzen hasi naiz, blogger-en debaldeko zerbitzua erabili dut hasteko probatxua abiatzeko (euskal blogosferan ohikoa dirudiena). Zerbitzu hau inoiz erabili duzuenok badakizue link-en zerrenda eskuz editatu behar dela (seguru inork trukuren bat topatu duela, holan bada esan lehenbailehen). Eta ni, weblari australiar bati behin irakurri nionarekin bat egiten dut: “I am basically lazy”, eta gainera gauzak topatzen bastante torpea ere bai. Beraz, aurki-ren euskalduntze-alfabetatze atala begitu eta handitxik kopiatu ditut eskoian dauzkazuenak.
Euskaltegien munduak sarean dauzkan batzuk ipini nahi izan ditut hasiera baten. Gero denborarekin osatuz eta gehituz joango gara. Baina link-en atala betetzen hasteko ez dago txarto.
Aurki-n begitzen nabilela burutazio batzuk piztu zaizkit hala ere. Euskal blogosfera etengabe hazten dabil, denetariko kontuak ere topatzen dira, baina gure mundu honetako inor ere ez (gauzak topatzen torpea naizela aitortu dut lehenago, erraza da oker egotea beraz). Idazleak, kazetariak, musikazaleak, kulturetak, euskaltzaleak, argazkilariak, unibertsitateko jendea, eskola munduko jendea,... Baina euskaltegien mundutik ez irakaslerik, ez ikaslerik, ez gururik,...Webgune (lar nire ustez) korporatibo batzuk (AEK, HABE, Udal euskaltegiak,...), publizitatea, informazio objektibototala, baina saltsarik bapez.
Eta berriro etorri zait lankide batzuen artean sarritan komentatzen izan dugun sentsaziotxu bat: gure sektorean zer gutxi egiten dugun berba gure lanaren gainean, irakasle modura agertzen zaizkigun arazoak, dauzkagun zalantzen eta burukominen inguruan, arazo "didaktikoei" buruz azken baten. Eta orain hotzean pentsatuta, pentsatzeko modukoa iruditzen zait 2.000 lagunetik gora lanean daukan sektore baten inori (adibidez) bloga egitea otu ez izana, edo webgune batzuetako artikulu serio eta mamitsuez gainera, ikuspegi pertsonalago eta hurbilago batetik enfokatu ez izana.
Euskaltegien munduaren bizio batzuk antzematen ditut nik hemen:
  • Gure artean egiten dugunaren inguruko konpartitzeko eta elkarrekin hausnartzeko ohitura/bitarteko/trebezia/gogo/denbora gutxi.
  • Helduen euskalduntzeko irakaslearen lanari ematen zaion kontsiderazio txikia (bai norberaren partetik, bai euskalgintzaren partetik, bai sozialki).
  • Arazo "kolateraletara" arreta desbideratzeko joera: diru-laguntzak, azterketak, lan-baldintzak, euskaltegiaren dekorazioa,... Arazo garrantzitsuak duda barik, baina irakaslearen arazo nagusia klasea izan ohi da.
  • Didaktika deitzen den hori bigarren mailako kontua izan ohi da. Eta sarritan adituen eta espezialisten kontua ere bai. Didaktikan gabiltzanok ere ez dugu asko laguntzen gauzak besteei hurreratzen. Zenbat gustatzen zaizkigu ba bost hogerlekoko berbak, eta "ex catedra" berba egitea ere bai! Didaktika bigundu barik, zurrundu ere egiten dugu.
Bizio horiek ikusten ditut nik. Ez dakit honetan zabiltzaten besteok ere horrela ikusten duzuen. Baina blog hau egiteko ideia, besteak beste, hortitxik datorkit. Hau euskaltegilarien blog-eraztunaren lehenengoa (dagoneko lehenengoa bada) balitz pozik, baina ez dadila azkena izan, norbaitek nik baino zentzuzkoagoak botatzeko ditu eta.

No comments: