Karrajua.org
Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org
Karrajua - Euskaltegien mundutik
Atoan - Karrajua labur
Karrajua - erantzunak
Trokatik (blog pertsonala)
2005/10/24
"Mintzapraktika egitasmoak" jardunaldiak
Topaguneak, AEK eta IKArekin batera jardunaldi hauek antolatu ditu. Berri zehatza Topagunearen webgunean edo Sustatun ere daukazue. Jardunaldion haritik kontutxu pare bat.
Duela urte batzuk Euskara Elkarteen Topaguneko zuzendaritza batzordeko kide nintzela, euskaldun berriak izeneko arlo bat ere bazegoela jakin nuen. Gehien bat mintzalagun programen inguruko arloa zen. Ni euskaltegien mundutik nentorrela ere, ordura arte halakoei garrantzi handirik ere ez nion ematen. Badakizue, euskaltegietan sarritan ardura handiagoa edukitzen dugu karrajua ala pasilloa esan behar den, praktika kontuak baino. Praktika berez datorren kontua ei zen. Norberak bilatu behar duena edo.
Orduan zebilen jendearekin berbetan hasita, ilusio handiaz gainera, halako egitasmoak arrakastatsuak zirela ere nabaritu nuen. Eta pentsatzen hasita, galdera batzuen erantzun (posiblea) etorri zitzaidan derrepentean.
Euskara irakasten-edo gabiltza, ordu piloa, jende piloa,.. eta gero ez dugu ikusi ere egiten hori guztia (halako bajoirik ez zaizue inoiz etorri euskaltegietan zabiltzatenoi?). Eta jendeak ere holako zerbait nahi duela dirudi. Aitu bestela zenbat jende apuntatzen dabilen, eta gustura ere ei dabiltza. Hau aurrera atera behar da ba! Eta zabaldu.
Euskara elkarteetan arduratuta genbiltzan euskararen erabilera sozialagatik, eta euskaltegietan ikas-prozesuaren emaitza akademiko eta sozialengatik ere bai. Eta han zebilen euskaltegian ikasitako jendea euskara erabiltzen, gustura, harreman-sare euskalduna eraikitzen eta gainera praktikaren bidez euren jarioa, autokonfidantza eta hizkuntzarekiko identifikazioa sendotzen, hizkuntza hobetzen eta ikasten azken baten.
Ez zen gauza berria hala ere, segituan gogoratu nituen gure auzoan (Santutxun) ordurako ere urteak eginda zeukan Santutxuko Mintza Taldea. Joseba Basterra irakasle ohia (eta mintzalaguneko laguntzaileen aintzindaria, Ixabel guztiekin batera), astero-astero ikasleen kuadrilatxua batu, txikiteoa egin, mendira, ...eta monotonian jausi orduko, liburu pare bat egin.
Euskararen "alde" kriston lana egiten zebilen taldetxu hau, eta ondoren etorri ziren mintza-berba-solas- parraplalagun guztiak ere bai. Baina, inork ez zeukan horren berri, inguruan galdetu eta akaso batek inoiz ezer entzun bai, ondo jakin ez... Kanpaina, makroekitaldi, makroproiektu guztien artean galdu egiten ziren honako kontuok, eta, nire ustez txarrena, errekonozimendu eta ezagutza publikorik ere gutxi.
Betoz beraz jardunaldiok behingoan lan hori guztia errekonozitzera, eta hemendik aurrera euskalgintzan antolatu eta sustatu beharreko lan ildo hau sendotzera eta zabaltzera.
Badakizue zenbat jende pasatu den euskaltegietatik? Badakizue gune urbanoetan (normalizazioan estrategikoak seguruenik) ia-euskaldunen portzentajea zenbatekoa den?
Zer egina badago ba! Durangon topatuko gara!
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
1 comment:
Arrazoia daukazu Usaia. Gaur ibili naiz Berbalagunekin, eta horixe izan da gaurkoan geratu zaidana: zer esan asko daukan jendea dago, eta hari zer entzuna ere asko. Barriketan ibiltea plazerra izan daiteke, betikoekin betikoaz beti jardun barik. Eta ez naiz akordatu euskaraz ondo ala txarto egiten dugun. Zuk diozun modura jendea ezagutu, eta gehien bat gustura. Eta egia da, euskaraz ibili gara berbetan. Salamankan dabilen horietako bat harrapatu beharko duzu, seguru zer kontatu asko daukala.
Post a Comment