Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2006/03/21

Teknoenredatzen: Elgg


E-learning eta sarean ikasteko baliabideen inguruan nabilela Elgg software-aren berri jaso dut. Albistea drupaled -en izan dut. Berton e-learning ingurunen baten egitura gomendatzen duen artikulu honetan Drupal, Moodle eta Elgg-ek osatutako sistema azaltzen da. Lehenengo biak ezagunak ditut dagoeneko, eta erabilita ere bai, elgg-en berri orain arte gutxi, Moodle-en foroetan aipuren bat edo gainetik irakurri besterik ez (Moodle-ekiko integrazioa serio lantzen dabiltzala dirudi).
Jakinminaren jakinminaz saltseatzen hasi naiz. Elgg hau web 2.0 eta agertu den kontzeptu berri baten adierazpidea omen da, e-learning 2.0. Tira ba! Ikusi egin behark da. Erabiltzeko aukera bi daude, kodea jaitsi eta zeure zerbitzarian instalatu (lokalean eta karrajuaren hosting-ean probatu dut eta ez dut ganorazko instalaziorik lortu, baina ahaleginean jarraituko du alajaina!), edo sortu duten komunitate birtualean izena eman eta probatu. Bigarren aukera hau ere probatu dut, eta egia esanda funtzionalitate gehienak han dauzkagu. Zeintzuk dira funtzionalitateok?
  • Blog pertsonala
  • Baliabideentzako karpetak
  • RSS irakurle moduko zerbait.
  • Inportateena nire ustez: interesen inguruan komunitateak eta taldeak osatzeko aukera. Norbera batu daiteke komunitatetara edo sortu. Komunitate hauek ere balibide batzuk dituzte: blog kolektiboak, fitxategiak,...
  • Etiketa sistema (freetagging edo)
  • Bestelako baliabideekin integrazioa: wikiak, ..
Kontzeptuetan gehien gustatu zaidana komunitateak eta taldeak osatzeko aukera da. Beharbada hori izan daiteke une honetan erakargarriena. Hainbat gauzatarako baliagarria izan daitekeen kontzeptua, sare sozialarena. Boteprontoan hizkuntzaren erabileraren inguruan aipatzen den kontzeptua dela uste dut, harreman-sarea, sare soziala,..
Inglelesez erreferentzia asko daude, ez ditut hemen denak jarriko, Google edo technorati n elgg ipini eta hainbat gauza topatuko dituzue. Bestela Elgg-en webgunean ere wiki bat daukazue.
Bitartean, Kataluniako gune honi kukutxu bat egitetik hasi daiteke. Edo elgg komunitatean kontua zabaldu, hemen dago nire bloga adibidez.
Web 2.0 honek ematen duen beste aukera bat, eta ikuspegi berria ere bai, seguruenik.

2006/03/17

Sareko berriak



Sarean gora eta sarean behera hiru gauzatxu topatu ditut aitatzeko modukoak:
  • Txelis Leioako Mastitxu Udal euskaltegiko irakasleak bloga zabaldu du, Zertzeladak. Atalen banaketa interesgarria egin du, irakasleentzako kontuak, ikasleentzak, informatika, idazleak. Esparru zabala. Poztu egin naiz ikusita. Hemen ere ezagutu dugu Txelis eta zer esan? Aurrera eta animo. Gero eta gehiago gara eta.
  • Argia aldizkariak hemendik aurrera elkarrizketako zati batzuk audio formatoan ere sareratuko ditu. Sustatun irakurri dut albistea, eta halaxe da, hemen daukazue lehenengo lagina. Entzungaiak topatzea errazago jarri digute, eta euskara ikasten dabiltzanentzat ere laguntza ikaragarria da nire ustez irakurtzen dutena entzutea. Euskaraz irakurtzen trebatzeko ahozko euskarriekin lan egitea idatzizko testuaren egitura morfosintaktikoa antzemateko eta testuari interpretazioa emateko prozesuak lantzeko bide eragingarria da. Saiatuko naiz karrajua.org-en zeozer garatzen.
  • Irakasbil . Gaur konturatu naiz www.ikasbil.net-ekin batera www.irakasbil.net helbidea ere badagoela. Batetik nahiz bestetik sartuta leku berera goaz. Dena dela zergatik domeinu biak? HABE irakasleontzako beste baliabide bat atontzen ote dabil? Ez dut horren gaineko informaziorik topatu. Baten batek zerbait badaki horretaz? HABEtik inork irakurtzen du blog hau eta eman ahal dizkigu pista gehiago?

2006/03/07

Free


Karrajua.org atontzen nabilela pentsatu dut irakasleentzako baliabideak eskaintzen dituzten webguneen esteka-zerrenda osatzea. Hemen dago. Diseinuan hobeto findu behar dut kontua eta esteka gehiago bilatu, baina abian da kontua.


Egundo ez naiz izan gauzak topatzen abila, baina handik eta hemendik begituta gauzatxo batzuk aurkitu ditut eta sartzea erabaki dut. Gainea karrajua.org webgune irekia egiteko asmoa daukadanez, gutxieneko azpiegitura behintzat montatu dut, gerora norbaitek gauzak sartzen lagungu nahi badu-edo.

Dena dela, berriro esango dut, ez naiz batere abila gauzak bilatzen eta letra-zopak egiten -zerrenda hau egiten asko lagundu didate IKTeroen eta Barakaldoko Zibergelakoen esteka-zerrendek gainera, eskerrik asko- baina helduen euskalduntze-alfabetatzean gabiltzenok ez dugu sarean gauza asko konpartitzen. HABEren teknikariek Ikasbil edo HABEren webgunearen beraren bidez gauza asko zabaltzen dituzte, baina lanean dabiltzan 2.000 irakasletik gorako horiek ez ote daukate ezer zabaltzeko? Salbuepenen bat dago, baina orohar gutxi. Eskola munduak gehiago zabaltzen ditu gauzak guk baino. Nik lan egiten dudan erakundeak ere ezer gutxi zabaltzen du bere intraneteko mugetatik hara.

Top-manta eta software librearen sasoian zer pentsatua ematen dit honek guztiak. Gurean pentsatzen jarraitzen ote dugu norberaren ideiak-materialak-esperientziak norberaren ondarea direla eta norberak baino ezin dituela manejatu? Gure materialak, ideiak, esperientziak,... egun baten liburu baten batu, argitaratu eta haren salmentarekin aberastu edo sikieran gure euskaltegien zenbakiak berdinduko ditugula uste dugu? Aditu batzuek baino ezin dute zabaldu euskara ikasteko teknikak, materialak eta ideien bilduma? Guk ez daukagu elkarri ezer aportatzeko? Hain gutxik daukate besteekin konpartitzeko gogorik? Inork berak eginekoa besteekin hobetzeko grinarik? Gure euskaltegien eta sareen korporatibismoa hainbesteraino heldu ote da? Espioitza industrialaren beldur ote?

Euskal Herriko biztanleria euskaraz eroso, erraz eta ondo egiteko trebatzea dugu helburu denok. Ez dut uste askok honekin aberasteko asmorik daukatenik, eta egunero eskola-ordu pila bat eginda esperientzia eta ezagutza metatu beharko genuke ezinbestean, eta hori guztia konpartitzeko bideak aurkitu eta erabiltzen baditugu helburu hori (inoiz erdietsiko dugula sinesten badugu) hurreago edukiko genuke. Ezpabere milaka gerrilari isolatu gara, armada indartsua barik.

Adibide bat emango dut. Karrajua.org Drupal software-arekin nabil atontzen. Ez naiz informatikaria edo programatzailea. Drupal hori gainera ez ei da software erraza manejatzen, baina drupaleroen komuninateak ohitura ona dauka (software librearen munduan dabiltzan horrelako komunitate guztien antzera), norberak egiten duena norberarentzat gorde barik, zabaldu egiten du eta denon eskura ipintzen du (moduluak, arazoen konponketa, kode-zatiak,..) eta nire moduko hasiberriok dauzkagun arazoen aurrean gure aurretik ibili direnek kontatzen dutena baino ez dugu egin behar sarritan, beste batzuetan, berriz, haiek emandako pistei jarraitu, eta gutxitan aurrekoek egindakoaren gainean burua kantsatu eta konponbidea aurkitu. Mundu horretan jan-txakurrak ere egongo dira duda barik, baina nik neuk une honetan haiei zerbait aportatu ezinaren pena daukat batez ere, eta haien kemena norberak ere hartzen du.

Ez dakit ba, informatikaren mundua pistak ematen dabilzkigulakoan nago. Free software edo txiringitoa guztion artean eraiki.

2006/03/03

Barnetegi urbanoa

Berbalagunarekin nator atzera. Aspaldi aitatu barik ba! Atzo berbalagun berriak etorri zitzaizkigun, neska bi, eta aurkezpenak eginda barnetegien kontua agertu zen (euskara ikasleen artean logikoa, ezta?), Berbalagun gehienok (ikasle nahiz irakasle) barnetegian ibilitakoak gara. Badakizue, barnetegiko batallitak, parrandak, ligeak,... Irribarrez kontatu ziren gauza gehienak, oroitzapen gozoa nonbait. Bistan da barnetegiak eragin ona izan duela ikasle hauen euskararekiko pertzepzioan eta jarreran,... Berbalagunan apuntatzearen kulpa apur bat ere izan du seguruenik.Nik azkenengo barnetegia duela 10 urte egin nuen. Barnetegian irakasle ibiltzea gogorra da, hori geratu zait gogoan duda barik, fisikoki gogorra eta burua ere nekatuta. Hala ere, neuri ere akorduarekin irriparrea loratzen zait, ez daukat barnetegiekin oroitzapen txarrik batere, ez ba!Kontua da atzoko parrapladen ostean, etxerantz, barnetegian ibiltzearen antzeko sentsazioa igarri nuela. Ez lekuagatik noski (Santutxu erdiko taberna inguruek ez daukate Barnetegi-herrien halako xarma bukolikorik, ez) Baina berbalagunen solasaldiak eta jarrerek barnetegiko ikasle-irakasle koadrilen giroa ekarri zidaten gogora une baten. Eta azken baten barnetegian ikasleak apreziatzen duen hori guztia gertatzen ari zen han ere: solasaldi informala, lagun arteko giroa, konfidantza eta ikasleen arteko konplizitatea (Kuriosoa da, baina barnetegiko batalliten artean inork ez zuen klase orduetan geratutako ezer kontatu). Barnetegien birtuteei buruz asko esan da:euskara ikasteko prozesuan sakada handia izaten dela, motibazio-iturria, ikasteko denboraren trinkotasuna,.. Egia izango da hori guztia. Argi dago euskara ikasle askok praktika horretan mintza-jarioa ez ezik, beste zerbait ere nahi dutela. Barnetegiak ematen diena, eta, atzo barruntatu nuenagatik, Berbalagunak ere eman diezaiekena. Barnetegiak akatsik balekuka, denboaren trinikotasuna izan liteke, hamabost eguneko epea, intentsoa baina laburra, eta hizkuntza erabiltzen trebatzeak lan jarraiagoa eta sarriagokoa eskatzen du, trinkotasunaren kaltean bada ere.Nire berbalagun guztiak euskaltegian dabiltza ikasten, Berbalaguna haientzat barnetegiko klasetik kanpoko jardueren antzeko zerbait izan daitekeela uste dut. Klasea+mintzapraktika. Hau ez da halako barnetegi urbanoa?

2006/03/01

Karrajua.org martxan



Oraindinokarren ez dago biribilduta inondik ere, baina gunea zabaltzea erabaki dut. Gauza asko findu behar dira, hala ere, nahiago dut eraikitze prozesua konpartitzea. Webgunean bertan bloga atondu dut martxaren berri emateko.
Kontu esperimentala da aurrekoan esan nuen legez. Hemendik hasi naiz:
  • Webgunea atontzearen prozesua kontatzen duen bloga.
  • Foro batzuk prestatu ditut. Euskalduntzearen inguruko hiru gai: didaktika, euskaltegien mundua eta klaseko kontuak. Foro hauetan parte hartzea irekita utzi dut. Spammer-ak eta trollak enteratzen badira adios. Baina ez diezue esango ezta?
  • Klaserako ideiak atal bat zabaldu dut, berton del.icio.us-etik ateratzen ditudan esteken gainean zein beste psikolasto batzuen inguruan irakasleentzako ideiak lantzea da kontua. Dokumentu kolaboratiboak sortzea eta osatzea nahi nuke eta honi eman nahi diot arreta handiena.
  • Jario batzuen jarraipena egiteko aukera. Blog hau edo del.icio.us klaserako.
Gunean aukera dago erabiltzaile erregistratu modura sartzeko. Erabiltzaile erregistratuek aukera edukiko lukete euren bloga egiteko adibidez, edo klaserako ideiak sortu eta editatzeko. Hain zuzen ere orain interesatuko litzaidakeen beste kontu bat euskaltegien munduko blog kolektibo bat egitea izan daiteke.
Bestalde, zer esanik ez dago, norbaitek esperimentu honetan lagundu nahi badu edo ideiaren bat badauka ateak zabalik dauzkala. Nirekin harremanetan jarri nahi baduzue, oraingoz e-postaz egin dezakezue (karrajua-abildua-karrajua-puntua-org, oraindik ez dut instalatu harremanetarako formularioa).
Blog honekin hemen jarraituko dut momentuz, besteak denbora guztia kentzen ez badit behintzat.