Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2006/02/22

Domeinua erosi dut.

Horixe ba, karrajua domeinu bihurtu dut: http://karrajua.org/. Hosting txikitxu bat ere hartu dut eta hosting hori aprobetxatu nahi dut esperimentu batzuk egiteko. Ideia batzuk dauzkat daborduko, batzuk hemen plazaratu ditut (hau, edo hau) lehenagoko baten.
  • Del.icio.us klaserako esperimentua osatu. Kontua izango litzateke internet-en agertzen diren halako testuekin ikas-jarduerak antolatzeko era bat antolatzea. Pentsatzen nago bookmarklet antzeko zerbait atontzea. Link-a hartu eta haren gainean zerbait prestatzeko eta konpartitzeko gunea eskaini. Wiki antzeko zerbait. Kolaborazioan egiteko moduko zeozer. Schtuff-en egiten hasi naizenaren ildokoa.
  • Helduen euskalduntzearen inguruko foroa edo foro-sistema. Blogen asuntu hau ondo dago, baina jende guztiak ez du bloga egingo eta foroaren formatoa berreskuratu beharko litzateke nire ustez. Edonork bota eta erantzun dezan. Hau gustatu zait eta ez da zaila montatzen. Foroetako gaiak edo antolaketarako ideiarik?
  • Bloga hara mugitzeko dudan nabil (managerra ofertak estudiatzen daukat je, je, je,...). Dena dela pentsatzen nabil blog komunitate txikitxu bat osatzea interesa eduki dezakeen jendeari eskaintzeko. Euskara irakasleen blog komunitatea alegia. Boluntariorik balego ni pozik.
  • Fitxategiak eta multimedia artxiboak igotzea ere pentsatu dut, baina hosting-ak hainbesterako emango ote duen nago, 200 mb dauzkat baina hilean 2 gb-eko transferentzia tasa besterik ez. Ez dakit, gainera ez daukat gauza askorik jartzeko.
  • Ikastaro birtualen bat egin. Aztertzekoa da, baina une honetan ez daukat ezer karteran, ideiaren bat okurritzen bazait ikusiko dut
Ideiak dira, momentuz klaserako kontuekin hasiko naiz. Dena dela, baten batek ideiaren bat badauka, gustura entzungo nuke. Esperimentatzeko asmoa daukat gehien bat, beraz bota. Eta jakina, norbaitek kolaboratu nahi badu, enkataodelabida.
Gunea montatzeko drupal aukeratu dut. Aurreko baten kontatu nuen modura zerbitzari lokalean ibili naiz probak egiten CMS batzuekin eta gehien gustatu zaidana izan da. Ez dakit hala ere baliabide gehiegi behar ote duen, laguntza teknikoa ere eskertuko nuke. Zerbitzariak ez badit arazorik ematen horrekin jarraituko dut.
Momentuz instalazioa egin dut eta txantiloia atontzen nabil. Ez daukat ezer erakusteko moduan, gauzak sartu ahala hemen kontatuko dut.
Badakizue, galdera: Zer egin dezake euskaltegien munduko txalao batek Drupal instalatuta daukan zerbitzari batekin? Tira, azpidomeinu pare bat ere badauzkat, eta eposta: karrajua-abildua-karrajua-puntua-org, akordatzeko erraza e?
Hasteko hemen daukazue lehenengo lagintxu bat:

Prestatzen nabilen txantiloia (CSSarekin oraindino ez naiz abil-abila), eta hiru jario (sustatu, blog hau eta del.icio.us klaserako itemak):

2006/02/20

Ikusi eta ikasi (berbetan)

Gaur Patxitrapero aren kontua rekin konturatu naiz azkenengo post guztiak blogak, internet eta teknologiaren inguruan bota ditudala. Bide batez, iruzkinengatik badirudi euskaltegien munduko jende gehiago dabilela ziberestratosferan. Dena dela, gurera bueltatzeko kontu pare bat eduki dut gogoan eta gaur martxa hartuta aprobetxatuko dut, bestela tekonologiaz autoelikatzen gabiltzala dirudi.

Berbalagunera bueltatuko naiz hain zuzen. Lehengo egunean taldekoekin nabilela, konturatu nintzen zelako jokaera desberdinak dauzkaten elkarrizketa planteatzeko orduan. Batzuek berba egiten dute dakiten modura, zerbait esaten asmatzen ez dutenean bizpahiru buelta eman eta han botatzen dute. Beste batzuek berriz, ondo-ondo pentsatzen dute dena, astiro egiten dute berba, pentsatzeko prozesua berbalizatu ere egiten dute, buruan darabiltena esan, erdaraz lehenengo, euskaraz hasten dira apurka-apurka botatzen, eta azkenean bota egiten dute, baina sarritan niregana begira jarri eta -berbaz edo keinuaz- galdera magikoa: "Zelan esaten da.....?". Badakite irakaslea naizela, eta nik halakoen aurrean sarri (broman gero!) "Ez nabil lanean" erantzuten diet. Ez dago aparteko ezer, ikas-estiloak, ikas-estrategiez eta sano egin da berba azkenengo urteotan. Norberak bere ikasteko era ei dauka eta. Konforme.

Hala ere, norberaren ikas-estilo hori norberaren joera eta trebeziatik baino askotan eskola-euskaltegian sustatu ditugun bideetatik ez ote datorren nago. Lehengo egunean erreparatu nion kontu batetik etorri zait gogoeta hain zuzen ere.

Ez dut zehazki gogoratzen zein zen kontua eta zertaz genbiltzan berbetan. Kontua zen nik neuk zerbait bota nuela, eta berton erabili nuen halako egitura "madarikatu" bat (lehen aldiko baldintza uste dut), gogoratzen dut hala ere, ondo erremarkatu nuela esan nuena eta esateko modua (deformazio profesionala-edo), ulertzen kostatuko zitzaielakoan. Kontestu komunikatibo baten sartuta geunden, hau da, esan nuena ez zen klaseko adibide lerdoa izan, berton esan beharreko zerbait baino. Taldekideetako batek hartu zuen hurrengo berba-txanda. Eta nik esan nuenaren antzeko zerbait esaten joan zen, esaten hasi eta "Zelan esaten da....?"... Oraintxe berdin-berdina esan dut bata! (neure artean), eta ulertu egin didate. Zer pasatu da hemen ba?

Hizkuntza berriaren egitura ezagutu eta menperatzeko behaketaren garrantzia azpimarratu da azken urteotan, kontzientzia linguistikoa eta enparauak. Modernidadeak dira batzuentzat, baina momentu hartan konturatu nintzen ni neu ere ikasten nenbilela (eta gaur egun ere ikasten nabilenean, ondorio horretara heldu naiz eta, gure hizkuntza etengabe gabiltza eraldatzen), adi-adi ibiltzen nintzen "euskaldunek" zer-zelan esaten zuten, eta nire hizkuntzara ekartzen nituen halako asko, kontziente edo inkontziente.

Gaur eguneko ikasle askok ez ote daukate buruan hizkuntza norbaitek ematen dizkien arau eta elementuekin eurek bakarrik batu behar duten puzzlea dela? Berbalagunaren aukera horrela ondo aprobetxatzen dute? Berbalaguntzaileak ez gara irakasleak, praktikatu gura duenari hizkuntzaren lagina ematen dioten hiztunak baino, berak behatu eta aztertu dezan, bere hizkuntzaren corpusa eta jarioa osatzen joan dadin, eta, ikas-prozesuan zehar hartutako ohiturengatik, edo darabiltzan konbikzioengatik hizkuntz-epaile baten aurrean dagoela pentsatzen badu, aukera ona galtzen da.

Beharbada, ikasleei hizkuntzaren misterioak "erakutsi" ez ezik, hizkuntza bera ere gehiago erakutsi beharko genieke, eta eurei gehiago pentsatzen utzi. Badakit eztabaida teoriko hau ez dela atzo goizekoa, baina praktikak teoria horretatik urrun gaudela dio nire ustez.



Teknopagotxak

Patxi Trapero blogosferako figura euskaltegiekin eta euskaldun berriekin akordatu zaigu gaurkoan. Ezin aipatu gabe utzi halako aipamena. Proposamen batekin datorkigu gainera, sareko mintzalaguna.
Ez da lehenengo aldia horretaz berba egiten dena, sarea euskara praktikatzeko erabiltzea, baina egia esanda ezer gutxi egin da horretaz. Durangoko jardunaldian Santurtziko Udal Euskaltegikoek sareko esperientzia baten berri eman ziguten, ez ezer gutxi gehiago nik dakidala. Eta Patxi Traperok apuntatzen duenez, halako tresnak egon badaude, eta uste dugun baino eskuragarriago eta errazagoak dira erabiltzen.
Dena dela, hain gutxitan egin denean seguruenik teknofobiaz gain beste faktore batzuk ere egongo dira:
  • Baliabide teknikoek komunikazio erosoa permititzen dute gaurkoan? Duela urte batzuk bideokonferentziak izan behar zuen kristona. Gaur egun berriz ez du espero zen arrakastarik izan. Konexio ona eta baliabide potenteak behar dira bat-bateko ikusentzuneko elkarrizketa ganorazko kondizioetan egiteko. Jende gehienak gaur egun ere ez dauka halako baliabideak erabiltzeko modurik edo trebeziarik.
  • Euskara praktikatzeko aukera norberaren inguruan bertan topa daiteke ondo antolatuz gero, bestela herri txikia gara eta aparteko distantziarik ez da egin behar izaten. Aukeran aurrez aurrekoa nahi izaten da. Teknologiaren bidezko komunikazio era hauek guztiak ezinbesteko kasuetarako uzten dira, eta hainbesteko ezinbestekoak gutxi izaten dira. Bestela, telefonoa ere hor dugu aspaldian eta erabilera gutxi eman zaio.
Teknologia berriek aukera piloa eman ahal dizkigute, baina aplikatzea ez da ordenagailuko pantailan dirudien bezain polita eta erraza izaten.
Edonola ere, Patxiren erronka hartzeko prest. Berarekin batera bi izango gara.

2006/02/16

Ikasbil iragarri dute

Ikasbil zer den eta zertako den azaltzen duten mezuak zabaldu dituze gaur HABEtik. Nik Sustatun eta Erabili.com-en irakurri ditut.

Durangoko azokan egin ei zen aurkezpen ofiziala, zarata handi barik egin ere, askok gerotxoago eta txiripaz izan dugu honen berri. Bi hilabete hauek probak eta egokitzapenak egiten ibili direla dirudi, eta pistoletazo ofiziala eman diote antza denez.
Aurrekoetan ere jardun dut hemen ikasbil dela eta ez dela. Ez dut oraingo honetan ere alde handirik, baina oraingoan azalpena behintzat badaukagu. Zer eta zertako da ikasbil?
Lehenengo definizioa argia da:
Euskara ikasleentzat www.ikasbil.net ikas-baliabideen bilgunea jarri du amaraunean Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako (HABE) erakundeak: 3.352 idazki, 2.382 entzungai, 1.988 bideo-pasarte eta 263 ariketa. Daudenez gain, etengabe sartuko dituzte eduki didaktiko gehiago.
Euskara ikasleentzako plataforma da orduan. Alde horretatik euskara ikasten eta hobetzen hainbati lagundu ahal badie ederto baten. Honen moduko baliabide zentro bat ez dago inondik ere soberan.
Irakasleoi dagokigunez, berriz, dokumentu biltegiaren antzeko zerbait daukagu hemen ere, eta material batzuk ere bai, dena dela, aurreko baten ohartarazi genuen modura hemengo gauza asko ordenagailuan egiteko pentsatuta daude, beraz klase presentzialetara egokitzen ez dira errazak.
Euskaltegien inguruko albistegia ere jarri digute. Ondo, orain arte horrelakorik ez dugu ezer izan eta. Hemen baten batek aipatu zuen aspaldian halako zerbaiten beharra. RSS edo antzeko zerbait eskertuko litzateke.
Edozelan ere, irakasleok oraingoz HABEren irakaslearen gunearekin konformatu beharko dugu. Bitartean gure arteko komunikazioa, ekarpenak, eztabaidak-eta honen moduko blogen bidez egin beharko dugu ;-). HABE horrelako zerbaitetan ez badabil behintzat, ze, lehengo egunean kide batzuen artean sentsazio berdintsua sumatu genuen: HABEren egitasmo berriak egun batetik bestera agertzen dira, izkutupean-edo garatzen dira, eta derrenpentean han agertzen dira eta dantzan ipintzen gaituzte erreakzionatzeko astia ere eman barik. 4. maila ipini genuen adibide, egun batetik bestera, hiru hilabeteko epean orain arte inork egin ez duen gauza bat eta haren berri izan ez duena martxan ipini.
Ez dakit ba, baina zerbait egingo badugu, HABE eta euskaltegien artean komunikazio, kooperazio eta gardentasun gehiago behar da. Egia da euskaltegien partetik gauza asko ez ditugula entusiasmo handiarekin hartzen, baina sekretismo horrek ere ez dauka funts handirik.
HABE erakunde publikoa da (bide batez, zergatik orduan .org domeinua www.habe.org-en?) eta zer egin duen ezezik, zertan ari den ere jakiteko eta bertan ekarpenak egiteko eskubidea (eta beharra ere esango nuke) daukagula uste dut.
Tira ba, ez da nire asmoa egurra ematea hala ere, zorionak ikasbil-engatik eta oxala egitasmo berriren bat baletor, baina ez derrepentean mesedez.

2006/02/08

Ikasbitakorak debalde

Euskaltegiblogak, mintzalagunblogak,... Hezkuntzaren munduan gu baino lehenago hasi dira bitakoren mundu honetan. IKTeroak ezagunak ditugu aspaldi, eta gaur adibidez blog pare bat topatu ditut: Ortuella BHI eta Getxoko Julio Baroja BHIrena. Azken institutu honetan irakasle eta ikasgela batzuen bitakorak ere sortzen eta erabiltzen dabiltza.
Ideiak eman ahal dizkigute hauek guztiek, eta berton ez badituzue aurkitzen, ematen dituzten estekei jarraituta gauzak topatzen dira.
Gauzatxu baten fijatu naiz hala ere, azken egunotan hemendik desfilatu diren blog ia guztiak zerbitzua doan ematen duten plataformetan daude (blogak.com, blogger, blogia, La Coctelera, Blogsome, ...). Ez dut uste eztabaidatzeko kontua denik, baina deigarria egin zait zelan blogak egiten dituztenen artean eskolak, euskaltegiak edo hezkuntza erakundeak ditugun. Eta hauetariko askoren atzetik erakunde publikoak (institutuak, udal euskaltegiak,..), edo erakunde sendoak (AEK, euskara elkarteak,...) daude, euren webguneak, zerbitzariak eta baliabide eta azpiegitura informatikoa dauzkatenak.
Ez naiz aditu-aditua, baina bloga edo blog komunitate txikiak antolatzeko software-a eta baliabide teknikoak ez dut uste erakunde hauentzako batere eskuraezinak direnik, alderantziz, nahikoa erraza delakoan nago. Internet-en dauzkagun debaldeko zerbitzuei ere ez diet meriturik kenduko, alderantziz, itzelezko ideiak eta aukerak ari dira zabaltzen, gehien baten honen moduko enredante indibidualontzat, baina eskola, institutu edo euskaltegi publiko baten blog "ofizialean" publizitatea ikustea bitxia behintzat bada.

2006/02/03

Beste euskaltegiblog bat

Pirioniotik animatu dira Garraldako AEK-ko Ana eta Nagore beste blog bat egiten. Berton iragartzen ibili zaizkigu eta hemen dago. Blogarekin ezezik, Schtuff-ekin ere animatu dira gainera. Blogak.com zerbitzu berria erabiltzen ausartu direnen artean hauek ere bai. Hasi baino ez dira egin, baina aipatzea merezi dute. Lankideak izanda gehiago.
Aupa ba! Pirinio partean euskara irakasten zabiltzatenokin bizipenak konpartitzea interesgarria izango da bat baino gehiagorentzat.