Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2006/01/19

Euskaltegiblogak


Blogak euskaltegietara ailegatu dira. Mundu guztira heldu badira, argi egon da gurera ere noizbait heldu behar zirela. Dagoeneko hiruzpalau fitxatu ditut:
  • Ilazki euskaltegiko ikasleen bloga. Josu Aiztiriak berton iragarri zigun duela aste batzuk.
  • Barakaldoko Udal Euskaltegian bi gutxienez: Barakaldoko EGAlariak eta Zibergela. Blogger ondo aprobetxatu dute hauek
  • Gaur iragarri den Galdakaoko Udal Euskaltegiaren bErBeT@n.
Loralditxo honetan zerikusia izan du seguruenik HABEk udan weblog-en inguruan eskaini zuen ikastaroak. Gerora HIZPIDEn azken aurreko zenbakian artikulua atera zuten HABEko teknikari bik blogen eta weblogen inguruan (noizko Hizpide on-line eta eguneratuta?).
Itxura desberdina hartu diet guztiei. Ilazkikoak albistegi itxura dauka, euskaltegiaren inguruko informazioa ematen du. Helburuen artean ikasleen parte-hartzea sustatzea ere aipatzen dute. Badirudi oraindik bideratzen ari direla.
Barakaldoko Udal euskaltegikoetan ez dut zer asmorekin eginda dauden aurkitu. Zibergelakoan eztabaida gaiak planteatzen direla dirudi, dokumentazio lan handia egiten dute. Ez dakit eztabaidok non planteatzen diren, blogean ez dago iruzkinik behintzat. Beharbada, autoikaskuntzako mintza-saioetan, bloga mintza-saioak prestatzeko, horrela bada, ideia polita izan liteke.
Barakaldoko EGAlariak blogean, bestalde, testu luzetxuak daude. Denetarikoak, narrazioak, argudioak,... Ez dakit nork eginda eta zer funtzio emanda. Post batzuetan erantzun luzeak ere badaude, eta ikasleak diruditenek sinatuta. Hau ere ez da ideia txarra. Blog bietan euskara ikasleentzako esteken zerrenda landua dago. Aipatzeko moduko lana egiten dabil baten bat.
Galdakaokoan eztabaidarako gune antzeko zerbait proposatu nahi dute. Eurek aitortzen dute bloga baino gehiago foroa dutela gogoan. Klasean sustatuko dute parte hartzea, eta emaitzen zain dabiltza. Ikusiko dugu ba.
Esperientzia interesgarriak, neuretik ideia batzuk botako ditut hemen blogen erabileraren inguruan, karrajutik norbait pasatzen bada-edo (badakizue, karrajuko haize hau):
  • Blog-a idazteko guneak dira, baina irakurtzeko ere bai. Ez dago zertan ikasle guztiak blogari jarri. Blogetan era askotako informazioa eta irakurgaiak topa daitezke. Sarritan gainera prentsan edo literaturan (adibidez) aurkitzen direnak baino ikaslearentzako hizkera eskuragarriago baten idatzita.
  • Orain arteko formato idatzi gehienek ez bezala elkarrekintzarako aukera handiagoa ematen dute. Mintzamenerako laguntza handia ere izan daitezke. Blog-en hizkera ohiko idazkera formaletik (EGAko idazlanena) urrundu eta ahozko hizkerara hurbiltzen da sarri.
  • Ikasleen blog informalak sustatu beharko lirateke nire ustez (bitakora pertsonalak, klaseko egunerokoak,...). Ikasleen ikas-esperientziaren ingurukoak jasotzeko tresna ona ere izan daitezke.
  • Blog-ek formaren gaineko feedback-a emateko aukera ere ematen dute. Hau da, ikasle batek egindako testuaren gaineko komentarioak, idatzi duenaren gainekoak ezezik, zuzenketak eta formari buruz egiteko ere erabil daitezke. Honetarako wiki-en posibilitateak ere aipatu nituen lehengo baten.
  • Eztabaidarako blogak erabiltzen dira, baina nire ustez, horetarako foroak egokiagoak dira, edo txat-ak,...
  • Blog-ak proiektuak bideratzeko erabili daitezke. Adibidez, ikasle taldeari proposatu diezaiokegu irteera baten antolaketa eta kontakizuna blog baten bidez egitea.
Gauza gehiago ere egin daitezke, aukera ugari ematen dituzte eta nire derrepenteko brain-storming hau txiki-txiki geratu daiteke. Hala ere irakasle batzuk blog-ak erabiltzen animatu diren modura, euren esperientziak kontatzeko eta zabaltzeko bloga noiz zabalduko nago. Adibidez, Barakaldo eta Galdakaoko esperientziaren berri kontatzen diguten blog pare bat.
Animatuko?

8 comments:

Bontxi said...

Ez ba. Nahi duzunari buruz, baina hitz egin. Hori da kontua.

Anonymous said...

Aupa Karraju.
Euskaltegien blogak hasi baino ez dira egin eta hasiera guztietan bezala ez dakigu non amaituko dugun. Orain 2 urte apenas genekien bloga zer zen eta orain bat (edo gehiago) kudeatzen dugu. Blogen etorkizuna (euskaltegietakoena eta pertsonalena) geuk blogariok erabakiko dugu eta blogekin zer egin ere bai. Ikasleentzat tresna baliotsutzat daukat eta hala esan nien eurei blogaren aurkezpenean. Ikusiko dugu...

Bontxi said...

Ea zure usteak konfirmatzen diren eta esperientzia baliagarria den. Neu behintzat zain nago.

Anonymous said...

Garraldan bloga sortzeko lehenengo urratsak ematen ari gara ea arazo teknikoak gainditzen ditugun...gure asmoa autoikaskuntzako ikasleentzat zerbait baliogarria egitea da. Ea asmatzen dugun...

Anonymous said...

Aupa Benito! Barakaldoko Zibergelan Talde Saioetako batean landuko dugun eztabaidagaia proposatu eta ikasleek horri buruz interneten euskaraz topa dezaketena erakusten saiatzen gara. Beraz, online jartzen dugu offline erabiliko duguna eta horrela TSra zertaz hitz egingo dugun jakinda diskurtso egituratu bat prestatzeko aukera dute ikasleek (beste kontu bat da egiten duten ala ez baina hori beste kontu bat da)

Gaiak pentsatzeko orduan modu diferenteak erabiltzen ditugu: eurek proposatutakoren bat, gaur egungo zerbait, artikuluren bat bat oinarri hartuta abiatutakoa...

Asmoa ere bazen euren arteko elkarreragina bultzatzea baina TSari zuzenduegia irizten omen diote eta horregatik eta akaso erroreekin publikatzeari dioten beldurragatik ez dute erantzunetan parte hartzen. Horrek ez digu hainbeste axola.

Blogarako sarbide osoa dute denek (izena eta pasworra den-denok dakigu) eta dagoeneko baten bat animatu da zerbait publikatzen 'gure istorioak'(gure kulebroia ;-) ataltxo horretan.

Beno, hurrengo pausuak pentsatzen ari gara (euskarazko blog zerbitzuetako bat erabili, ikasleen bloga, podcastak...) baina tentuz eman beharko ditugu ikasleak nahastu gabe eduki eta -nik uste- erabilera didaktikoa eta partehartze librekoa ondo bereiztuz.

Eongo gatxink

Anonymous said...

Arraroa egiten zait AEK-ko euskaltegien blogik ez egotea. Arraroa, eurak izan ohi direlako aitzindariak euskalduntze-alfabetatzean. Zergatik ote ez dira garaiz ibili blogen munduan? Teknologiari fobia ote AEK-ko irakasleek?

Anonymous said...

Fobiarik ez baina lan handia bai. Hala ere Pirinioetako AEKn hasi gira blog bat egiten, lasai

Bontxi said...

Tira ba, blog hau AEKide batena da azken baten, ez da ofiziala, baina Garraldako kideekin hiru gara dagoeneko honetan gabiltzanak. Galdakao eta Barakaldoko lagunek esan diguten legez (eskerrik asko azalpenengatik bide batez), blogak helduen euskalduntzean zelan uztartu oraindik ez dugu oso argi gehienok. Batzuk probatzen animatu dira eta hortik denok atera beharko ditugu ondorioak. Teknologia berrien kontua erakargarria da, baina arrisku handia dago nire ustez horrekin itsutzeko.
Aurreko baten aipatu nuen internet-en bidezko komunikazio teknologiek gauza asko eskaintzen dituztela eta blogak bat baino ez dira. Ni neu dagoeneko del.icio.us eta wikiekin hasi naiz probak egiten. Beste gauza batzuk ikusi ditut blogak bezain interesgarriak: on-line ikasteko plataformak, ikus-entzunezkoen formato digitalak, ... Eta hemendik saiatzen ari naiz apur baten horrelako kontuekin esperientzia horiek zabaltzen,... eta AEKn ere bai.
Dena dela, teknologia berriek nire ustez beste ekarpen bat egin digute, eta ez dakit orain arte ondo harrapatu dugun. Software librearen lan egiteko filosofia. Gauzak egin, konpartitu eta sareari eskaini hobetzeko, hau da, guztion artean eraikitzearen filosofia.