Karrajua.org
Karrajua - Euskaltegien mundutik
Atoan - Karrajua labur
Karrajua - erantzunak
Trokatik (blog pertsonala)
2005/12/30
Ikasbil II eta Bertsolariak gutaz III
Aurreko hiru post-ak batu zaizkit baten. Lehengo egunean HABEk martxan ipini duen ikasbil webgune berriaz lehenengo apuntetxua egin nuen. Artean gauza handirik ez eta aipatu soilik. Osatuz doazela dirudi. Oraindik hala ere ez dakit zehazki gune honen intentzioa zein den: euskara ikasleentzako gunea, dokumentu biltegiaren formato berria, ... Ikasmaterialak daude, dokumentuak ere bai, berriak-edo ere bai. Zerbitzu ona izan daiteke hori bada asmoa, edonola ere, ikasleari begira irakasleari begira baino gehiago dagoela dirudi.
Aurkitu ditudanen artean Hot Potatoes motako ariketa batzuk ere badaude, eta kasualitatez, Egaña eta Iturriagaren bertsoak -aurreko post-etan aipatu ditudadak- ariketa bihurtuta. Hemen eta hemen hain zuzen.
Honako gauzen inguruan aspaldian etorri zitzaidan gogoeta. Aurrerakuntza deitzen diogu paperean egin izan ditugun ariketak formato digitalean egiteari (aukera anitzeko galderak, kloze testak, egia-gezurra,..)? Ez naiz orain hipermoderno jarriko, nire ustez horrelakoak ere ez datoz txarto ikasteko, baina une honetan ikas-jardueren antolaketari azken urteotan hainbeste ekarpen eginda, bestelako ikuspegi batzuk ez dira falta? Eta gehien bat irakasleentzako bestelako baliabideak (dokumentuak eta ariketez gainera, ideiak, ) jasotzeko eta konpartitzeko moduren bat ez litzateke komenigarria izango? Boteprontoko inpresioa da.
2005/12/20
Bertsolariak gutaz (II)
Hemen Egañarenak. Niri Unairenak gehiago gustatu zitzaizkidan baina hauek ere onak. "Damnifikatu" modura gustatu esan gura dut, ez bertsozale modura, horretan adituei (eta epaimahairi) ez diet ezer diskutituko.
Ordiziarra naiz, baina Santurtzin
hautatu nuen langintza
izan ninteken zenbaitentzako
behar zuten argi printza
Ezkerraldea erdalduna zen
neretzat a ze desditxa
euskaldun izan nahi zuten haiek
behar nituen zerbitza
Ia hamarrak jo dute eta
nekaturikan gabiltza
halare eutsi pixka batean
eta dantzatu lapitza,
ia euskeraz pentsatu eta
euskeraz luzatu hitza
ez al da hori euskaldun baten
lehendabiziko baldintza
Ia Edurne etorri zaite
orain pizarra aldera
ahal dan goxoen egingo dizut
ikasgaiaren galdera.
Bueno mesedez ez hainbat neka
ez al zintezke hor gera?
Kontatuko dut nik zenbat amets
egingo dudan aurrera.
Hau sumatzen det zonalde dena
euskalduntzeko bezpera,
ahalegin hortan zuek eta nik
lana daukagu ospera.
Eta gauza bat bururatu zait
hau jartzea buruz behera,
nor nori nork hau nabarmena da
zuek ni eta euskera.
Ekarri ditut pastaren batzuk
gainera hainbat kutizi,
ari den harek nola gustora
ari behar dun lehenbizi.
Zatoz Leandro alde hontara
zure kuaderno eta guzi
atzo idazlan oso politik
nola ez nizun ikusi.
Aizazu Mertxe etzazu egin
gela hontan aharrausi,
ez ezazula logurea ta
gure helburua nahasi.
Lortzen badegu hiru hitzetan
hau egingo dugu kasik
ordu mordo bat galduta ordea
mundutxo bat irabazi
Bertsolariak gutaz
Igandeko bertso finalean finalista biek euskara ikasle eta irakasleok erabili gintuzten kartzelakoan. Hona Iturriagarenak (Usaiari dedikatuta):
Berriro ere klasean
bueno zer moduz gabiltza?
Kaixo Omar aspaldiko
etorri zara Haritza.
Klasea nahiz eta dugun
igual kutrea eta hitsa
zuen begietan dago
ikasi nahiaren printza;
zein etxeko lan gogorrak
fabrikakoa bortzitza
lana bukatu eta gero
hona praktika ta mintza
euskeraz egin nahi hori
zuen geroko bizitza
hori ez da subjuntibo bat
hori da lehen baldintza
Astean bost egunetan
eta bi ordu gainera
zuek ekartzen nauzue
sarritan neure onera
guk beti pentsatzen dugu
hor goazela gainbehera
nahi batzui ahoa bete
euskera eta euskera
nahiz administrazioan
erantzuna duten zera:
“zuek zeuen poltsikotik
ordaindu eta klasera”.
Batzuk lanetik besteak
lanera doaz ostera
eskertu behar dizuet
etorri izana bera
Beti baldintza txarretan
hori da gure problema
hizkuntza politika honek
ezarri digu kondena,
azalduko dute gero
txosten polit baten dena
hona etorri behar da
hori da baina lehena
Gero etorriko dira
horrenbeste teorema
euskara eskasten dabil
batzutan ez da zuzena
eta ez da egokia,
erdalgunean txarrena
egokia da ikasi
eta erabiltzen dena.
2005/12/18
Ikasbil. HABEren gune berria
HABEkoek Durangoko azokan webgune berria aurkeztu dute: ikasbil. Lehenengo baten, orain arteko zerbitzuak (informazioa, dokumentu biltegia, baliabideak...) beste CMS batera ekarri dituztela dirudi. HABEnet-ena apur bat konplexua izaten da sarritan eta arazoak ematen ditu nabigatzaile eta sistema operatibo batzuekin (firefox, linux,... ).
Berau ere oriandino ondo-ondo ez dabilela dirudi, probetan-edo (aurkeztuta dagoen arren). Honen inguruan ere informazio askorik eman ez dutenez, eta dirudienez probetan dagoela iritiz handirik ezin eman. Itxarongo dugu beraz.
2005/12/17
Iruñean gaur
Iruñean gaur, abenduak 17, larunbata , euskaltegien lokalak hutsik egongo dira seguruenik. Nafarroa osoan eta EH osoan bezala. Euskaltegietako biztanleek ez dute atsedenik hartuko hala ere. Batzuek euskaltegiak larunbat eterno baten nahi dituzte nonbait. Eta gaur, larunbataz, gogoraraziko zaie astelehena laster datorrela.
Nafarroan gertatzen dena deskribatzeko hitzak amaitu egin zaizkigu, eginak eta egitekoak ez ordea, eta Nafarroako gure kideek sustenguzko hitzak ezezik, bakarrik ez dabiltzala ere sumatu behar dute, larunbatean eta astelehenean.
2005/12/13
Durangokoaren harira
Iñaki Arrutik Durangon egin zuen interbentzioaren laburpena argitaratu zuen duela aste pare bat Argian. Gauza batzuk planteatu zituen, baina funtsean guri dagokigunean bat dagoela uste dut: Euskaltegiek euskararen erabilera eta normalizazio prozesuan zer paper daukaten hausnartu behar dute. Alor desberdinetatik ikusita gainera:
- Jarduera didaktikotik bertatik.
- Euskaldun berria edo euskara ikaslea hizkuntza erabiltzen den sarean sartu.
Beste apunte bat. Gaur Santutxuko euskaltegian Arkaitz Estiballes bertsolaria ibili zaigu ikasleei, berbalagunei eta bestelako interesatuoi bertsolaritzaz hitzaldi "praktikoa" ematen. Orain arte euskaraz burutzen den jarduera soziokultural inportante bati errespetuz edo beldurrez aitu dioten hainbatek bestela hasi dira ikusten, seguruenik baten batek Bertso-finala ikusteko orain arazo gutxiago izango du. Gainera, bertsoak eta azalpenak euskaraz entzun, ulertu, gozatu eta prozesatu egin dituzte bertaratutakoek. Hori ere ez da hizkuntza praktikatzea? Euskal Kultura famosora, hainbestetan aipatzen denera hurreratzea ere ez da izan? Harreman sare batera hurbiltzea ere ez da izan (euskarazko kultur sarea edo)?
Harreman informalen munduan eragitea ondo dago, behar da eta, horren inguruko langintza prestigiatu eta zabaldu egin behar da. Baina ez ditzagun ahaztu komunitate baten egituraketan inportanteak diren beste harreman sare batzuk (hedabideak, jarduera soziokulturalak, ...). Azken hauek hainbeste jainkotu barik, hurretatu ditzagun ailegatu berriengana, Arkaitzek, Aizu! edo HABE aldizkariek egin duten bezala.