Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2005/11/03

Praktika idatzia

Lasai, ez nator berbalagunarekin berriro. Luistxo Fernandez poliblogariaren post baten harira etorri zaizkidan burutazio pare bat ekarriko dut beste barik.
Polemika antzeko zerbait sortu da azkenotan euskal blogosferaren etengabeko hazkundea eta hartaz zabaldu direnak direla eta. Espero gabeko saltsa honek blogen balio literarioaren gaineko hausnarketa ekarri du behintzat.
Ez dakit hemen literatura egiten ari garen. Neuk behintzat ez daukat horren kontzientziarik, eta literatura egin badut kolateral totala izan da kontua. Seguruenik blogak egitera bultzatu gaituena artearen historiara gure izena gehitzeko anbizioa barik, norbaitekin gure burutazioak eta bizitzako gertaerak konpartitzeko gogoa izan da. Hau da, edozein berriketalditan plazaratzen ditugunak, eta gure aurrean dagoen pertsonagandik antzeko konplizitate-zehaztapen-demanda-ekarpenak espero ditugu, geure pentsakera hori eraldatzen eta eraikitzen lagunduko digutenak.
Hori azken baten, hizkuntza erabiltzea da, eta hizkuntza erabiltzen dugu norbaitekin ari garelakoan edo.
Soziolinguistika munduan harreman-sarea kontzeptua erabiltzen da, hizkuntza (euskara gure kasuan) harreman sare horren tresna da, eta harreman sare barik hizkuntzarik ere ez dago.
Euskal blogosferaren hazkunde exponentzial hau, azken baten bestela sortuko ez liratekeen harreman-sareak sortzen ari da, txikiak baina ugariak. Hizkuntzaren erabilera areagotzen ari da.
Pentsa dezakegu hizkuntza erabiltzea aurrez aurreko solasaldia dela gehien bat, eta seguruenik horixe da hizkuntzaren erabileraren esparru "purua". Gaur egun hala ere, komunikazio kanalak ugaltzen eta erregistroak egokitzen ari dira kanal berrietara. IKTen bidez komunikazio ingurune berriak sortzen ari dira, lehengoak ordezkatuko ez dituztenak, baina (hala espero ez bazen ere) bizitasuna etengabe irabazten ari dira.
Mintzapraktika jardueren inguruan berauek hizkuntza hobetzeko ezezik, harreman-sare berriak sortu eta erabilera areagotzeko tresna modura ere aipatzen dira.
Bategatik nahiz besteagatik, gustura jarraituko nuke euskara ikasle baten bloga, edo ikasle askoren blogak. Eurek ere estimatuko lukete seguru asko.

No comments: