Karrajua.org

Hau aspaldian joan zen etxe handiago batera, hona hain zuzen: karrajua.org

Karrajua - Euskaltegien mundutik

Atoan - Karrajua labur

Karrajua - erantzunak

Trokatik (blog pertsonala)

2005/11/26

del.icio.us klaserako

Del.icio.us-en nire estekak antolatzen nabilela okurrentzia eduki dut. Sustatuk aspaldian zabaldu zuen tag bat, "sustaturako", tag horrekin euskal internautek interesgarri deritzotena markatu eta Sustaturen Jamaika ikusteko atalean agertzen dira egunean-egunean.
Euskaltegiko irakasleok sarri ibiltzen gara ikasleei eskaintzeko irakurgaiak, eztabaidagaiak edo baliabideen faltan. Interneten asko daude, ez dira topatzeko errazak hala ere, gutxiago gure sektorean daukagun teknofobiaren pandemiarekin (teknopata batzuk ere bagara baina).
Neuk ere han eta hemen gauza interesgarriak ikusi ditut klaserako. Blogen eztanda honekin gainera bestelako testuak ere agertzen hasi dira, kolokialagoak, biziagoak, ... eta gainera interakzio gehiago agertzen da erabili ohi ditugun testu idatzietan baino: aldizkariak, egunkaria, liburuak,... Eta klasean erabiltzeko aukera handiak ikusten dizkiet batzuei. Baina internet ez da papera bezalakoa, ezin duzu txoko baten gordeta hain erraz eduki, eta sarritan ez duzu gogoratu ere egiten non egon zen ikusi zenuen artikulu edo eztabaida hura.
Del.icio.us-en moduko tresnekin buelta eman ahal diogu horri eta gainera -eta hau da nire ustez onena-, baliabide horiek konpartitu eta zabaldu ere egin ahal ditugu.
Beraz, Sustatukoek egin duten antzera, proposamena egin nahi dizuet euskaltegien munduan zabiltzatenoi eta interneten endredatzen duzuenoi. Klaserako zerbait interesgarria ikusten duzuenean, del.icio.us-en lastermarkeei gehitu eta ipini "klaserako" tag-a.
Prozesua erraza da, ez dizuet hemen azalduko, Sustatukoek ederto egin dute hemen. "sustaturako" ipini beharrean "klaserako" ipini eta listo!
Ni, dagoeneko hasita nago ipintzen, hemen dauzkazue nire markak, gainera beste tag batzuk ere ipini ditut (telebista, teknologiak, etorkinak...) bilatzeko aukerak zabaltzeko. Dena dela hona joaten bazarete erabiltzaile guztiek klaserako tag-a ipini dieten esteka guztiak agertuko zaizkizue.
Ez dakit blog hau zenbatek irakurtzen duzuen (bloglines-en hiruzpalauk daukazue agregatuta behinik behin). Asko ez gara izango, baina sarearen bidez edo radiomakutoren bidez zabaltzen baduzue gure lankideei baliabide majoa emateko moduan gaude, ezta?
Bigarren partea ere eduki dezake honek. Topatuko bagenu jendeak esteka horiek zelan erabili dituen plazaratzeko modua oraindino baliabide gehiago edukiko genuke. Ez zait okurritzen momentuz hori zelan egin, baina buru batek barik hamaika buru ipintzen bagara laster baino lehen txiringo elegantea montata daukagu.
Hemen dauzkazue gure marken jarioa (rss) eta klaserako tag-arena:
  • http://del.icio.us/rss/didaktika/klaserako
  • http://del.icio.us/rss/tag/klaserako
Hemen orain arte dagoen zerrenda guztia.
Saiatuko naiz blog honen txokoren baten erakusten. Ea blogger honekin egiteko modurik daukagun (baten batek baleki, lana kentzea estimatuko nioke).

2005/11/25

Euskaldun berrion animoa


Durangokotik ezer idatzi barik, eta gaur Usaiaren komentarioa heldu zait. Blog honen lehenengo irakurlea (kronologian eta kategorian ere bai). Eta justu gaur Berbalagunetik ekarri dudan burutazioari beste buelta bat eman dio.
Nire berbalagunetako batek - Iñaki, 40 urteko gizona, aita ta informatikoa-, gaur irakasleok klasera joan ohi garenaren antzera etorri zaigu, fotokopia takoarekin. Eta fotokopietan Berbalaguneko koordinatzaileak partaide guztioi bidali digun agendaren fotokopia tako bana ekarri digu taldekooi. Ez dakit seguru baina bere klasekideei ere ekarri dizkiela uste dut (ze gizona euskaltegian ere badabil, eta gainera barikuetan ikaskide batekin geratzen da praktikatzeko,...). Ez hori bakarrik, agendako mobidetan parte hartzeko deseatzen eta animatzen etorri zaigu gizona. Ni (eurek ez badakite ere) mobida horiek antolatzen dituen erakundearen lehendakaria naiz (estatutuetan hori ipintzen du, e!), eta zer esan ez dakidala. 10 urtetik gora auzoan danerik egiten ea jendea animatzen den, ea euskaldunak juntatzen garen zelan edo halan, eta hemen dauzkagu etorri berriak animoso-animoso.
Eta etxea ailegatu, eta Usaiaren komentarioa blogean. Mintza-praktika astean bitan egiten duela, euskaltegian apuntatuko dela, eta, gainera, inoren pentsuan ibili barik, bloga egiten.
Eta estimatu egiten da, animoa aldatz behera hasi, edo, hobe esanda, hiperrealismo-atakeak hartzen gaituenean (ze animorik ez bageneuka aspaldi genbiltzan beste zeozertan) gehien bat.
Azkenengo Korrikan baten batek eskerrak eman zizkigun euskaldun berrioi. Gizalegezkoa da eskertzea, baina, nik orain, eskerrak emateko baino, gogo handiagoa daukat haiei bizia emateko, euren animo horiek guztiak bideratzeko eta gurekin (euskaldun konpetenteak, superreuskaltzale bertso-jaleak, euskal (man)komunitatea, los vascos, euskaratik bizi garenok, euskaragatik bizi garenok, euskararekin bizi garenok edo euskaraz (super)bizi garenok,...), juntatzeko eta gustura jarduteko gustura jarduten dugun gauzetan (perretxikoak jaten adibidez, beste berbalagunetako bat perretxikozale konbentzitua eta konbintzentea dugu).
Durangotik gogoeta darabilt. Euskaldun berriekin ezer egitea euskalgintzan bigarren dibisioko kontua dela dirudi. Mintzalagunak, mintza-praktika, euskaltegiak eurak,... kontsiderazio gutxikoak direla pentsatzen dut sarritan. Eta batzuetan barruntatzen dut euskaltegietako irakasleen motibazioan ere honek pisua daukala.
Eta ez dakit zehazki zergatik. Praktika jarduera hauekin euskara jende gehiago erabiltzen ari da, leku gehiagotan, eta horrek daukan inpaktoa ez dakit ondo neurtu den.
Superreuskaltzaleok jarduera hauek eta jende honi goitik behera begiratzeko joera daukagu, eskerrak eman eta zeremoniak bai, baina sustengu gutxsi. Nago ez dakigula neurtzen zenbat egiten ari diren, areago, batzuetan euskaldun berriek eratu dituzte harreman-sare potenteagoak eta trinkoagoak euskaldun zaharrek baino. Eta hainbeste txalo eta lora bota beharrean (gutxien behar dutenean jeneralean, hau da, "gure" kategoriara heldu direnean), hobe genuke tresna eta bide gehiago emango bagenizkie. Edo hobeto, aprobetxatu dezagun geuk ere gero eta gehiago garela: perretxikoak jateko, blog politak irakurtzeko, bertso-finalera koadrilan joateko, edo gure agenda (telefonoena, rss-ena edo mentala) handitzeko. Eskerrak (zentzu bietan) Iñaki, Usaia eta enparauoi!

2005/11/11

Durangon bazkaldute (edo)


Gaur Durangon ibili gara egun guztian, "Mintzapraktika egitasmoak" jardunaldietan. Lehenengo inpresioa: jende asko, giro ona eta gustura, gauza berriak entzun eta sektore bitako jendea elkarrekin behingoan (euskaltegiak eta euskara elkarteak).
Boteprontoan azpimarratzeko. Iñaki Arrutiren kokapena. Zehazteko eta eztabaidatzeko asko oraindino nire ustez, baina euskaltegiek normalizazio prozesuan jokatzen duten paperaz hausnarketa landua eta behar fina. Hemendik aurrera honetaz hausnartzen jarraitzeko abiapuntu izango dugulakoan nago.
Beste guztia ere polito, neu behintzat ez naiz aspertu, eta horrelako jardunaldietan zaila izaten da.
Antolatzaileek banatu duten materiala aztertzen hasiko naiz, zer esana emango dit egunotan.
Ondorio nagusia, gaur berbalagunera (oraindinokarren) animo handiagoarekin joan naiz (erremate ona gaurkoaren moduko egun baterako).
Dena dela, beste norbait ere han egon bada, interesagarria izango litzateke haren iritzia ere plazaratzea.

2005/11/04

Mahatserriko blogistika

Euskaltegien kontua apur baten alde batera utzita, bloglines-eko zerrenda egiten nabilela, konturatu naiz hemen gure auzunean bagarela blogista batzuk, elkarren ezagunak, eta batzuk askoren ezagunak ere bai.
Berton aldizkariak lehengo hilean Mahatserriko webguneen zerrenda bat publikatu zuen. Han zeuden batzuk, baina blog pertsonaletan ere baten bat falta zen.
Gure artean pionero, nahiz gazteena izan, Josu Martinez enfant terriblea daukagu. Mahatserriko mugatik gero eta barrurantzago dabilkigun Iñaki Peña euskaltzaleak ere blog aktiboa darabil. Atzo bertan (berandu baina) idazlerik mahatsorrienaren bloga deskubritu nuen. Euskal blogosferako Mahatserriko probintzian gehiago ibiliko dira seguruenik, ea deskubritzen ditugun.
Bitartean, gurera hilean behin etortzen den bisitaria blogistikaren ohorezko dibisioan sartu zen aspaldian. Eta sinsorgoren bat ere badabil, baina hau beste historia bat da.
Jende ezaguna euskararen munduan dena.
Gaur berbalagunan lagun bi gehiago ezagutu ditut, eta ordubete ta erdi luze ibili gara bost lagun abarketari ematen (hemen daukazue nire berbalagunetariko bat prosierto). Jende berriarekin ibiltzeak gustua ematen du ba. Eta horrelakoak gurearen moduko auzune handian asko egon behar dira. Blogosferan ere horrelako jendearen beharrean gaude, baita auzunean ere, eta bietan bada hobeto.

2005/11/03

Aipua


Egunotan HABEk itzulpen sailean argitaratu duen Susan Feez-en Testu bidezko syllabus-diseinua (hemen erreferentzia batzuk ingelesez) liburua (HABE, itzulpen saila 46) irakurtzen nabil. Erabili ditugun gogoeta batzuk ondo elikatu dizkigu liburuak. Liburutik hartutako aiputxo bat ekarriko dut hona, norbaiti zer esana ematen badio edo.
Azken berrogei urteotan irakasleak hizkuntz irakaskuntzaren planteamendu-segida baten eraginpean egon dira. Planteamendu berri bakoitza hizkuntzari eta hizkuntzak irakasteari buruzko jakintza handiagoren emaitza izan da.
Zoritxarrez, planteamendu berri bat sortzen den bakoitzean aurreko guztia kolokan jartzen duen pakete isolatu bat balitz bezala aurkeztu ohi zaie irakasleei. Horrek hiru ondorio kaltegarri dakartza:
  • Jendeak pentsatzen du hizkuntza irakaskuntza sukarraldi eta modetan oinarritzen dela, eta ez garatuz doan jakintza batean.

  • Hizkuntz hezitzaileak talde bitan banatu ohi dira. Azken planteamenduaren aldekoak eta kontrakoak.

  • Hizkuntz hezitzaileek ezin dituzte ezagutu aurretik izan diren planteamenduaren alderdi baliagarriak
Eraginkorrak diren irakasleak eklektikoak izan dira beti, eskura dauden planteamenduen artetik modu estrategikoan hautatzen dakitenak, ikasleek ahalik eta ikas esperientziarik eta emtizarik onenak izan ditzaten. Hala ere, sarritan zera falta izan da, hizkuntza eta irakaskuntzaz gaur egun dauzkagun ezagutzen bilduma antolatzeko markoa…(30. or.).
Gustura entzungo nituzke komentarioak eta gogoetak. Baita liburua irakurri duzuenon ekarpenak ere. Bota ba!

Praktika idatzia

Lasai, ez nator berbalagunarekin berriro. Luistxo Fernandez poliblogariaren post baten harira etorri zaizkidan burutazio pare bat ekarriko dut beste barik.
Polemika antzeko zerbait sortu da azkenotan euskal blogosferaren etengabeko hazkundea eta hartaz zabaldu direnak direla eta. Espero gabeko saltsa honek blogen balio literarioaren gaineko hausnarketa ekarri du behintzat.
Ez dakit hemen literatura egiten ari garen. Neuk behintzat ez daukat horren kontzientziarik, eta literatura egin badut kolateral totala izan da kontua. Seguruenik blogak egitera bultzatu gaituena artearen historiara gure izena gehitzeko anbizioa barik, norbaitekin gure burutazioak eta bizitzako gertaerak konpartitzeko gogoa izan da. Hau da, edozein berriketalditan plazaratzen ditugunak, eta gure aurrean dagoen pertsonagandik antzeko konplizitate-zehaztapen-demanda-ekarpenak espero ditugu, geure pentsakera hori eraldatzen eta eraikitzen lagunduko digutenak.
Hori azken baten, hizkuntza erabiltzea da, eta hizkuntza erabiltzen dugu norbaitekin ari garelakoan edo.
Soziolinguistika munduan harreman-sarea kontzeptua erabiltzen da, hizkuntza (euskara gure kasuan) harreman sare horren tresna da, eta harreman sare barik hizkuntzarik ere ez dago.
Euskal blogosferaren hazkunde exponentzial hau, azken baten bestela sortuko ez liratekeen harreman-sareak sortzen ari da, txikiak baina ugariak. Hizkuntzaren erabilera areagotzen ari da.
Pentsa dezakegu hizkuntza erabiltzea aurrez aurreko solasaldia dela gehien bat, eta seguruenik horixe da hizkuntzaren erabileraren esparru "purua". Gaur egun hala ere, komunikazio kanalak ugaltzen eta erregistroak egokitzen ari dira kanal berrietara. IKTen bidez komunikazio ingurune berriak sortzen ari dira, lehengoak ordezkatuko ez dituztenak, baina (hala espero ez bazen ere) bizitasuna etengabe irabazten ari dira.
Mintzapraktika jardueren inguruan berauek hizkuntza hobetzeko ezezik, harreman-sare berriak sortu eta erabilera areagotzeko tresna modura ere aipatzen dira.
Bategatik nahiz besteagatik, gustura jarraituko nuke euskara ikasle baten bloga, edo ikasle askoren blogak. Eurek ere estimatuko lukete seguru asko.